Herri baratza publikoen egitasmoa aurkeztu du Lazkaoko Udalak
Lursailak egokitu eta bizilagunen eskura jarri ditu Lazkaoko Udalak baratzagintzarako. Gaur iluntzean egin dute jendaurrean baratza publikoen egitasmoaren aurkezpena, parte hartu ahal izateko xehetasunak ere eman dituzte.
50 metro karratuko lur eremua hartuko dute baratzeek, 30 lursailetan banatuta. Ur hornidura izango dute, baita bertan lanean aritzeko oinarrizko tresneria ere. Erabiltzaileek etxeko kontsumorako fruituak ekoitzi ahal izango dituzte; hori bai, era ekologikoan. Herritarrak lurrak ematen dituen baliabideez jabe daitezen lortu nahi du udalak, «aisialdiaz gozatuz eta herritarren arteko harremanak sakonduz».
Lursail bakoitzeko erabiltzaile bat izango da, 30 guztira. Oinarrizko hainbat baldintza betetzeaz gain, erabiltzaile bakoitzak fidantza bat jarri beharko du, baita urteroko kuota ordaindu ere. Atzoko agerraldian aurreratu zuten gisan lur eremuak baino erabiltzaile gehiagok izena ematen badu zozketa egingo da.
Erabiltzaileek elkarte bat sortuko dute, kudeaketarako, auzolana eta autogestioa indartuko dira era horretan. Elkarteko kideek aukeratzen duten ordezkariak egingo du udala eta erabiltzaileen arteko bitartekari lana.
Era jasangarrian landuko dira baratzeak. Metodo tradizionalak erabiltzea sustatuko dute, lurrari kalte larririk eragingo dion produkturik gabe.
Baratzeetan lanerako erremintak gordetzeko gunea jarriko da, itsasontzietan erabiltzen diren edukiontzi birziklatuak izango dira. Denen eskura oinarrizko erremintak ere jarriko dira, baita norberarentzat armairuak ere arropak, haziak nahiz bakoitzak behar lukeena gordetzeko.
Eremu horretako meandroa babesteko eraikiko diren bi muinoean azpian kokatuko dira biltegi lana egingo duten edukiontziak. Eremu horretan oinezkoentzat prestatutako ibilbidea ere egingo dute, meandroa herritarrengana gerturatzeko asmoarekin. Bide horrekin Zubierrekako industrialdea eta Gurutze auzoko aisialdi parkea lotuko dira.
Izena emateko eskaera ofiziala egin behar da udaletxean. Iragarki taulan, udalaren atarian zein lazkaotarrok.eus atarian ere jarri dute informazioa.