Gurutzeko eta San Prudentzioko kirol guneak berritzeko 11.000 bideratuko ditu udalak
Datorren astelehenean abiatuko dute Lazkaon herriko kirol guneak berritzeko parte-hartze prozesua. Gurutze eta San Prudentzio auzoetako kirol guneetan berrikuntzak egiteko 11.000 euro gorde zituen udalak 2015eko aurrekontuan. Orain, diru hori zertan eta nola gastatu erabakitzeko erabiltzaileen ekarpenak jaso nahi dituzte.
Horretarako bi bide nagusi jorratuko ditu Udalak. Alde batetik, ikastolako ikasleei eta ludotekako erabiltzaileei galdetegi bat pasatuko zaie beraien iritzia jaso ahal izateko. Bestetik, kiroldegian nahiz udaletxean postontziak jarriko dituzte herritarren ekarpenak idatziz jasotzeko. Internet bidez ere badago iritzia emateko aukera, kirola@lazkao.eus helbidera idatziz.
‘Zuk nola berrituko zenituzke espazio horiek? Zer hutsune ikusten duzu jolas eta kirol arloan?’. Horixe izango da herritarrei egingo dieten galdekera. Astelehenean irekiko da ekarpenak egiteko tartea, martxoaren 8ra arte. Jasotzen diren erantzun guztiak kirol batzordean aztertu eta Gobernu Batzordeari proposamena egingo diote.