Maite Pereak (Legazpi, 1985) enpresa-ikasketak egin zituen, baina egun aktorea eta artisaua da, kuxinak egiten ditu, antzerki eskolak ematen ditu eta antzerki talde batean lan egiten du. Nolatan aktore? Enpresa-ikasketak hasi nituen, baina antzerkia betidanik oso gustukoa izan dut. Ikasten ari nintzen bitartean antzerki ikasketak ere egiteko aukera suertatu zitzaidan eta azken urteetan bi ikasketak uztartu nituen. Nondik nora ibili zara lanean? Banco Guipuzcoanon eta enpresa batean lan egin nuen. Ondoren, antzerki eskolak ematen hasi nintzen. Zurriola ikastolan hasi nintzen eta egun Santo Tomas lizeoan eta Hernaniko kultur etxean ematen ditut eskolak. Gainera, Patata Tropikala haurrentzako antzerki taldeko kidea naiz. Taldea Pasaiakoa da eta inguru honetan oso gutxi lan egin dugu. Antzezlan asko al dituzue? Bost antzezlan ditugu eta nik bitan parte hartzen dut. Seigarrena prestatzen ari gara eta horretan ere parte hartu behar dut. Ez dira ikuskizun hutsa. Mezu bat dute. Haurrek ikusle onak al dira? Haurrak benetako ikusleak dira. Ez dute gezurrik esaten. Ez bazaie gustatzen, hitz egiten hasten dira edo jaiki egiten dira. Artisaua ere bazara. Eskulanak egitea beti gustatu zait, baina duela hiru bat hilabete ikasi nuen josten. Soineko bat berrerabili nahi nuen eta amak irakatsi zidan. Handik gutxira, lagun bati opari bat egin nahi nion [...]
Maite Pereak (Legazpi, 1985) enpresa-ikasketak egin zituen, baina egun aktorea eta artisaua da, kuxinak egiten ditu, antzerki eskolak ematen ditu eta antzerki talde batean lan egiten du.
Nolatan aktore?
Enpresa-ikasketak hasi nituen, baina antzerkia betidanik oso gustukoa izan dut. Ikasten ari nintzen bitartean antzerki ikasketak ere egiteko aukera suertatu zitzaidan eta azken urteetan bi ikasketak uztartu nituen.
Nondik nora ibili zara lanean?
Banco Guipuzcoanon eta enpresa batean lan egin nuen. Ondoren, antzerki eskolak ematen hasi nintzen. Zurriola ikastolan hasi nintzen eta egun Santo Tomas lizeoan eta Hernaniko kultur etxean ematen ditut eskolak. Gainera, Patata Tropikala haurrentzako antzerki taldeko kidea naiz. Taldea Pasaiakoa da eta inguru honetan oso gutxi lan egin dugu.
Antzezlan asko al dituzue?
Bost antzezlan ditugu eta nik bitan parte hartzen dut. Seigarrena prestatzen ari gara eta horretan ere parte hartu behar dut. Ez dira ikuskizun hutsa. Mezu bat dute.
Haurrek ikusle onak al dira?
Haurrak benetako ikusleak dira. Ez dute gezurrik esaten. Ez bazaie gustatzen, hitz egiten hasten dira edo jaiki egiten dira.
Artisaua ere bazara.
Eskulanak egitea beti gustatu zait, baina duela hiru bat hilabete ikasi nuen josten. Soineko bat berrerabili nahi nuen eta amak irakatsi zidan. Handik gutxira, lagun bati opari bat egin nahi nion eta ez nekien zer oparitu. Hontz itxurako kuxin bat egitea erabaki nuen. Hala hasi nintzen artisautza munduan. Hiru hilabete daramatzat eta hontzak dira gehien gustatzen zaizkidan kuxinak.
Zure lanek apaingarriak dirudite, baina kuxinak dira.
Apaingarriak ez zaizkit gustatzen. Gauza guztiek funtzio bat edukitzea gustatzen zait.
Kuxin asko saltzen al dituzu?
Helduek erosten dizkidate, batez ere. Gabonetan dezente saldu ditut. Facebook bidez saltzen ditut. Nire profilaren izena Eskuzina da.
Azoketan ere parte hartu duzu.
Hiru azokatan egon naiz: Zumarragan, Legazpin eta Andoainen. Ez nuen uste inoiz azoka batean lan egingo nuenik, baina azoketako giroa oso ona da.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Inoiz ez zait lanik falta izan. Hori bai, eskaini dizkidaten lan guztietan lan egin dut. Bestalde, artisautza oso ondo datorkit antzerkian lan gutxi dagoenerako.