Hamargarren edizioa izango da aurtengoa, eta GOIERRIKO HITZAren babesa izango du .Idiazabal, Zerain, Segura, Zegama eta Mutiloako haurrek parte hartuko dute

Bost Herrien Arteko HITZA pilota txapelketa bihar arratsaldean hasiko da. Segura, Zerain, Idiazabal, Zegama eta Mutiloako pilota eskoletako haurrek parte hartuko dute; guztira, 40 inguruk. Aurtengoa hamargarren edizioa izango bada ere, pare bat urtetan txapelketa antolatu gabe egon dira. Aurten bost herrietako pilota eskolek antolatu dute, udalen eta GOIERRIKO HITZAren laguntzarekin.
Zortzi eta hamalau urte bitarteko haurrek parte hartuko dute txapelketan, bakoitzak bere kategorian: benjaminak, alebinak eta infantilak. «Ilusio handiz hartzen dute txapelketa hau, gainontzean ez delako beraientzako moduko txapelketa askorik izaten», adierazi du Inge Olano Segurako pilota eskolako entrenatzaileak.
Idiazabalen hasi eta amaitu
Bihar hasi eta apirilaren amaiera bitartean, aste barruan jokatuko dituzte partidak. Guztira bederatzi jardunaldi izango dira, eta aste bakoitzean bikote batek atseden hartuko du. Kategoria bakoitzean, sailkapen onena lortzen duten lau bikoteek finalaurrekoak jokatuko dituzte. Finalaurrekoetan sailkatzen diren bi bikoteek, berriz, finala.
Astero-astero herri desberdin batean jokatuko dituzte partidak, txandaka. Finala, berriz, Idiazabalen jokatuko dute aurten, maiatzaren hasiera aldera. Hasi ere Idiazabalen egingo da txapelketa, benjamin kategoriako bigarren urteko bikoteen partidekin.
Lau partida jokatuko dituzte bihar, 17:00etan hasita:
- Segura 1 (Xiker, Ruben eta Aritz) eta Izal 4 (Iker Dos Santos, Ander Zurutuza eta Mikel Lopez)
- Izal 1 (Iker Garcia eta Unax Zubizarreta) eta Zegama (Aratz Izeta eta Artea Goiburu)
- Segura 2 (Eneko eta Beñat) eta Izal 3 (Oier Markinez eta Jon Balerdi)
- Izal 2 (Unai Aldasoro eta Julen Goncalves) eta Segura 3 (Aimar eta Eki).
- Bihar atseden hartuko duen bikotea, Izal 5 (Gaizka Jaular eta Gaizka Calvo) izango da.