Marti Boada bildumako zuhaitzak dira, mundu osokoak. Asteburuan zehar zuhaitzen inguruko hitzaldiak eta ibilaldi gidatuak egingo dituzte.

Martí Boada geografoa, erdian, bere bildumako landare batekin / www.uab.cat
Zegamako Udalak hitzarmena sinatuko du larunbatean Sant Celoniko (Bartzelona) Udalarekin eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ingurumen Zientzietako eta Teknologiako Institutuarekin. Zegamako Udalari Marti Boada bildumako zuhaitzen landareak ematea hitzartuko dute, herrian landatu eta dibulgaziorako erabiltzeko baldintzarekin. Larunbatean bertan landatuko dituzte landareak Anduetza parketxearen inguruan, 17:00etan.
Marti Boada bilduma. Geografoa da Marti Boada, ingurumen gaietan aditua. Hainbat artikulu zientifiko eta 50 liburu inguru idatzi ditu. Marti Boada bilduma, berriz, munduko zuhaitz monumental eta berezien 35 landarez osatuta dago. Landare horien artean daude, esaterako, Rocioko basolibondoa (Doñanako parkea), Zacatecasko pinua (Mexiko), gaztainondo santua (Sierra de Las Nieves parke nazionala, Malaga), Villar de Aceroko gaztainondoa (El Bierzo, Leon) eta Ferroviako artea (Venezia, Italia).
Zuhaitzak landatzeaz gain, asteburuan gaiari lotutako hitzaldiak egingo dituzte, baita zuhaitz horien historia ezagutzeko ibilaldi gidatuak ere.
EGITARAUA
Larunbata:
- 10:00etan hasita, hitzaldiak kultur etxean.
- Dedronkultura edo zuhaitzen kultura. Marti Boada, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta ikertzailea.
- Zer da kimika berdea? Jordi Bartroli, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko kimika analitikoko katedraduna.
- Sant Celoniko Basoaren museoa proiektuaren aurkezpena.
- 17:00. Zuhaitzen emate ekitaldia eta hitzarmena sinatzea. Jarraian, zuhaitzak landatuko dituzte Anduetza parketxean.
Igandea:
- 11:00. Ibilaldi gidatua Anduetza parketxetik abiatuta, landatutako zuhaitzen nondik norakoak ezagutzeko. Jarraian, parketxera bisita xiloteka ezagutzeko.