Euriteak direla eta, alerta laranja deitu du Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak; erreken egoerari, mendi urak gehitu behar zaizkio
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du Gipuzkoan, euriteak direla eta. Atzoko prezipitazioei gaurko espero direnak gehitu behar zaizkie, aurreikuspenen arabera, egun osoan atertu gabe ariko baitu. Zaparrada biziak egin ditzake, baita txingorra ere. Zenbait tokitan, 50 milimetrotik gora pilatuko da. Goizeko 11:00etara arte bildutako datuen arabera, Zegaman 37,9 milimetro jaso dituzte; Ordizian berriz, 20,7.
Mendi urak, Ataungo Aian.
Erreka eta ibaien egoerari, mendietako elurrak urtzearen ondorioz sortutako mendi urak gehitu behar zaizkio. Izan ere, hainbat tokitan menditik datozen urek gainez egin eta errepidera atera dira; Idiazabalen, Zaldibian edota Zegaman, esaterako. Ataunen ere luizia gertatu da Urkillaga mendaterako bidean, eta errepidea itxita dago goizetik.
SOS Deiak larrialdi zerbitzuak, erreka inguruneetatik aldentzeko deia egin du. Beasainen, esaterako, Antzizar zubiaren inguruan dauden txaboletan dauden pertsonak ateraziak izan dira.
Urtegiak ere gainezka
Azken asteetako elur eta euriteak direla medio, Goierriko urtegiak goraino beteta daude. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak emandako datuen arabera, Lareoko urtegiaren betetze maila %100,8koa da, iaz garai honetan baino 4 puntu gehiago. Arriaran (%96,8) eta Barrendiola (%93,2) ere betetzen ari dira.
Denboralea baretu eta bihartik aurrera eguraldiak hobera egitea espero da; hala iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak.
-
-
Oria ibaia hazita, Beasainen
-
-
Mendi urak, Ataungo Aian.
-
-
Agauntza erreka hazita, Ataunen
-
-
Mendi urak, Idiazabalen