Txo artista taldeak hiru erakusketa irekiko ditu ostiralean Legazpin
Txo artista taldeak hiru erakusketa irekiko ditu ostiralean Legazpin: kultur etxean, Juan Kruz ile-apaindegian eta Katilu tabernan. Euskal Herriko 23 artisten lanak ikusi ahal izango dira hiru toki horietan.
Txo taldea Gorka Salmeron eta Carlos Ausserladscheider legazpiarrek sortu zuten 1990an eta, pixkanaka, Euskal Herri osoko artistak elkartu zitzaizkien. 1994a arte erakusketa asko eskaini zituzten eta, ondoren, talde bezala lan egiteari utzi zioten. 2009an berriro ekin zioten. Legazpiko erakusketa taldearen 25. urteurrena ospatzeko antolatu dute.
Ostiralean 18:30ean elkartuko dira, kultur etxean. Ondoren, Juan Kruz ile-apaindegira eta Katilu tabernara joango dira. Lanak apirilaren 30a bitartean egongo dira Juan Kruzen eta Katilun eta martxoaren 27a bitartean kultur etxean.