EU2015 planaren aurka kalera atera dira Goierriko ikasleak
Eskualde guztiko ikasleek Beasainen egin dute manifestazioa
Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen EU2015 planak, edo 3+2 planak, “graduak hiru urtera jaitsi eta graduondoak bi urtera luzatzea ekarriko du, eta horrek, prezioen igoera ta merkatuan masterrekiko kontrola ekarriko du” Ikasle Abertzaleak taldeak gaur salatu duenez.
Planak “pribatizazioaren logikari” erantzuten diola esan dute, “genero, klase, nazio… zapalkuntzan sakondu eta hezkuntza merkatuen mesedetara jarriz”. Beasaingo kaleetan manifestazioa eginez Euskal Eskola Nazionala eskatu eta aldarrikatu dute gaur: “Herritik eta herriarentzako hezkuntza aldarrikatzen dugu, ikasleon heziketa merkatuen interesen gainetik jarriko duena eta pertsona eta herri askeak sortuko dituena”.
Hori lortzeko ikasle guztien antolakuntza eskatu du gaur Ikasle Abertzaleakek, “garaia delako ikasleoi ukatua izan zaigun subjetu izaera hartu eta Hezkuntza Komunitate osoak bat egin dezan indar eragitea eta erreforma zapaltzaile hauen aurka eta bestelako eredu baten alde dauden eragileak konpromisoak hartzera bultzatzea”.
Ikasleen grebari babesa adierazi dio Ordiziako Udalak Unibertsitate ikasketen antolamendu berriaren aurrean, Ordiziako Udalak Espainiako Gobernuari “erreforma bazterrean” uzteko eskatu dio. Udaleko EH Bildu, EAJ eta PSEko ordezkariek erakunde adierazpena kaleratu dute, gaurko ikasle mugimenduek deitu duten grebari babesa azalduz. Unibertsitate irakaskuntzaren egitura aldatuz goi-mailako ikasketak garestitu egingo direla ohartarazi dute, eta kasu askotak ikasleak bi urteko masterrak egin beharrean aurkituko direla aukeratutako lanbidean aritu ahal izateko. Ererforma hezkuntza komunitatearekin adostasunik gabe proposatu izana ere salatu dute. “Gure herrialdeko hezkuntza sisteman edozein aldaketa egiteko ezinbestekoa da elkarrizketa, eta elkarrizketarik ez izateak sindikatu, ikasle eta errektoreen gaitzespena ekarri du”, diote adierazpenean.