Eguraldi eta euri kontuak izan dira hizpide azokan bildutako nekazarien artean. Ferian nahiz aurretik egin beharreko lanetan, giro bustiak ez du laguntzen; plazan bertan, hutsune ugari aste honetan
Ahoz aho zebilen kontua zen atzo euriarena. Egia esan, giro triste honek ez du bultzatzen azokara, ez saltzailea, ezta eroslea ere. Ondorioz, mahai huts dezente ikus zitezkeen plazako ohiko postuen artean. Izan ere, bustia ez da lagun egokia feriarako, eta zer esanik ez baratzeko lanetarako.
Hala entzun diogu Orendaingo Kontxi Aiestarani: «lurra itsaso dago». Esaldi horrek ederki laburbiltzen du egunotako giroa. Baserritarrak lanak aurrera atera ezinda dabiltza, eta egindakoak ere kalteak jasaten: «ilarra polita nuen baina bakantzen ari da» zioen Kontxi Arizaga zaldibiarrak. Arantxa Zurutuza Aramarrak, berriz, patata zuen hizpide: «garai honetarako ereinda izatea nahikoa normala da, aurten ezta ametsetan ere» . Eta nonbait, Zeraingo Klaudio Mendizabalek arrazoi: «zozoa kantuan hasi da baina ez arbola puntan, beheran baizik; hori ez da eguraldi onaren seinale».
Patata kontuekin jarraituz, laster hazitakoaren berri emateko moduan izango gara; Aguraingo Jabier Lacalle hasi da kilo gutxi batzuk ekartzen, baina eguraldia lagun izan behar ereiteko, edota berotegian egin, Patxi Aramendi aramarrak egin duen moduan.
Ahuntz gazta berria
Dagoeneko salgai dago aurtengo ahuntz gazta berria. Aldaba Zaharrean egindakoa salgai da, inguruko larretan ibili ohi diren Alpina arrazako ahuntzen esne gordinarekin egina. Oraindik gutxi batzuk besterik ez dituzte ekarri, baina astero-astero eskaintza handituko dute. 200 gramoko gazta borobil txikiak dira, lehen hauek, 4 euroan salgai.
Plazako sukaldea hizpide
D’Elikatuzek bultzatutako Hamabi hilabete hamabi produktu egitasmoaren barruan, Siglo XX harategi eta plater prestatuak eskaintzen dituen etxeko Maialen izan zen plazan sukaldari lanetan jarri zena. Eta joan zen astean Aramako Ane Otegik probatzera eman zuen aza frejitua ere hizpide zen. Sukaldean barazkiak prantatzeko modu berriak ikasteko ere bide ematen du feriak, azken aldi honetan, astero-astero.