Ordiziako igerilariak bikain aritu dira Euskal Herriko txapelketan
Ordizia Igerilari Elkarteko igerilariak Euskal Herriko txapelketan aritu ziren joan zen asteburuan. Hain justu ere, junior eta absolutuen txapelketa jokatu zen Iruñean eta infantilena, Irunen.
Xiker Goikoetxea eta Unai Lekuona lehiatu ziren Iruñeako 50 metroko Amaya kiroldegiko igerilekuan. 50 libreak izan zen Lekuonaren lehen proba, 26:23 denbora egin zuen. Elkarrekin aritu ziren 100 libreetan, Goikoetxea eta Lekuona, lehenak irabazi zuen lehia gutxigatik izan arren, 1:00:13 batak eta 1:00:33 denboran amaitu zuen besteak.
Irunen aritu ziren infantilak
Irungo Azken Portu igerilekuan lehiatu ziren infantilak. Bertan parte hartzeko gutxieneko denborak lortu ondoren, Laida Garmendiak, Nahia Matek, Maddi Arratibleek eta Eneko Ayerzak izan zuten Euskal Herrikoan aritzeko aukera.
Sentsazio onak izan zituen Laida Garmendiak 200 bular estiloan. 3:28:67 denbora lortu zuen, bere marka 8 segunduan gutxituz. 100 estiloetan 1:26:64 denbora lortu zuen beste 7 segundu hobetuz; udako Gipuzkoakorako gutxiengoa ere lortu zuen. Nahia Mate lehen proban irteerarengatik deskalifikatua izan zen, hala ere bere denborarik onena egitea lortu zuen. 200 bizkarrean eta 100 bizkarrean udako Euskal Herrikorako gutxienekoa lortu zuen.
Maddi Arratibel aurreko astean lortutako denborak gutxitzeko gai izan zen. 100 libreetan 1:08:08koa egin zuen eta 50 libreetan 30:98koa; Euskal Herrikorako pasea lortu zuen bietan. Azkenik, 100 bularrean bere denbora 8 segundoan hobetu zuen 1:29:72 eginda.
Eneko Ayerzak, azkenik, 50 libreetan Espainiakorako gutxienekoa lortu zuen. 100 libreetan ere denbora bikaina egin zuen 55:29koarekin. Brontzezko bi domina eraman zituen.