Iker Galparsoro (Ordizia, 1969) 1996an hasi zen Goiekin lanean, Goierriko garapen agentzian, alegia. Aurreko zuzendariak kargua utzi zuenean, Galparsorori zuzendaritza eskaini zioten, eta baiezkoa eman zuen.
Lauzpabost urtez behin Goierriko egoera sozioekonomikoaren gaineko diagnostikoa egiten dute Goiekin. Orain, esku artean daukate diagnostiko berria. Galparsorok ateratzen ari diren ondorioen mamia azaldu du. Diagnostikoan Goierri beheko 18 herriak aztertzen ari dira, 44.000 biztanleri dira.
Kanpotar bati Goierri eskualdea nolakoa den azaldu beharko bazenio, zein deskribapen egingo zenuke?
Goierrik nortasun sendoa dauka identitateari, kulturari eta nortasunari dagokionez. Goierrik, gainera, jakin du nortasun horren eta garapen ekonomikoaren arteko oreka gordetzen. Berez landa eremuko eskualdea gara, herri gehienak txikiak dira eta handiek ere badute landa eremuko kutsua. Burdinari lotuta egon da beti Goierri; meategiak eta burdinolak dira ondoren garatu den industriaren oinarria.
Nola eragin dio krisiak?
2009tik pairatzen ari garen krisia gogotik nabaritu dugu. Baina 1980ko hamarkadakoak askoz ere gogorrago kolpatu zuen gure eskualdea. Orduan langabezi tasa %25era iritsi zen eta egun %11 da. Hamarkada hartan 3.400-3.500 lanpostu inguru galdu ziren eta enpresa askok ateak itxi zituzten. Oraingo krisiak eraginda enpresak itxi dira, baina ez dira hainbeste izan. Hala ere, itxi diren enpresa bakoitza gogoan izan behar dugu.
Edozein kasutan, 80ko urteetan hartutako erabaki askok Goierriko industria sendoago egin zuten.
Zein erabaki hartu ziren?
Enpresek eta udalek bide bera hartu zuten. Plan estrategiko bat egin zen eta industriaren aldeko apustua hauspotu zen. Betiko jardunari eutsi arren, hobetzeko eta lehiakorragoak bihurtzeko oinarriak jarri ziren. Enpresa berriak sortzeko beharrari erantzun zitzaion eta zerbitzuen zein turismoaren alorrei erreparatu zitzaien.
Elkarlana ezinbestekoa izan da orduan.
Zalantzarik gabe. Urte hauetan hartu diren erabaki guztiak adostutakoak izan dira. Proiektuak, egitasmoak eta helburuak guztion artean zehaztu dira. Eta, agintarien kolorea aldatuta ere, ipar berberari begira lan egin da.
Goierriko egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa lantzen ari zarete. Zeintzuk dira, diagnostiko horren arabera, Goierriko indarguneak?
Biztanleriaren bilakaera positiboa indargunea da gaur-gaurkoz. Gipuzkoako batez bestekoa baino biztanleri gazteagoa daukagu. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako batez bestekoaren gainetik gaude. Datua horren positiboa da etorkin kopuru handiagoa dugulako. Goierriko etorkin kopurua %9,6 da eta Gipuzkoakoa %6,5.
Indargune gehiago?
Goierritarren %50ek industrian egiten dute lan. Gure enpresen ezaugarriengatik enpleguak nahikoa kalitatea du eta errenta maila ere altua. Sektoreei erreparatuz gero, egun estrategikoak diren sektoreetan ari gara lanean: energia, garraioa, energia berriztagarriak… Gurean, gainera, ikerkuntza, berrikuntza eta garapena bultzatzen dituzten enpresak daude.
Goierrin hemezortzi enpresa handi daude zeintzuek txikietatik tira egiten duten. Enpresak saretuta daude, inbertsioak egiten dituzte eta nazioartean lanean ari dira.
Eta ahuleziak, zeintzuk dira?
Aipatutako hemezortzi enpresa ez beste guztiak txikiak dira eta handiekiko menpekotasun itzela dute. Txikien jarduna kolokan jarri daiteke espezializazio maila urria edo produktuek balio erantsi gutxi badute. Goierrin, bestalde, ez dugu enpresa teknologikorik. Enpresa handiek badituzte ikerkuntza sailak, baina gurean gehienak manufakturak dira. Zerbitzu enpresetan ere hutsunea dugu: aholkularitza enpresak edo ingeniaritza aurreratuak, adibidez.
Enpresa teknologikoek zer ekarriko lukete Goierrira?
Lanpostu kualifikatuak. Teknologia berriekin aritzen dira, berrikuntzak bultzatzen dituzten enpresak dira. Hemen ez dugu jakin, orain artean, horrelakoak erakartzen. Ohituraz, hirietan kokatzen dira. Gure seme-alabek goi mailako ikasketak egin ditzaten nahi dugu, baina ondoren kanpora joan behar dira lanera. Enpresa teknologikoak izango bagenitu aukera gehiago egongo lirateke eta, bide batez, mundu osoa ekarriko genuke Goierrira.
Langabezi tasa baxua aipatu duzu, baina datuak badu emakumezkoen tasa altuaren arrakala, ezta?
Bai. Goierrin emakumezkoaren langabezi tasa nahi baino altuagoa izan ohi da. Gurean industria gailentzen da, eta emakumezkoek nekez izan dute tokia industrian. Orain hamabost urte kanpaina bat egin genuen lanbide heziketan gizonezkoak bakarrik zeudelako. Bost bat urteetan emakumezkoen gorakada txiki bat sumatu genuen lanbide eskoletan, eta gorakada hori enpresetan islatu zen. Orkli, esaterako, erronka horrekin sortu zen, eta baliteke egun hango bazkide gehienak emakumezkoak izatea. Poliki-poliki emakumezkoak industriatik at ikusten dituen mitoa apurtzen ari da.
Enpleguaren kalitate ona eta errenta maila altua aipatu dituzu. Eta formazioa?
Goierriko langileen gehiengoaren heziketa maila baxua da. Lanbide heziketa oinarrizkoak dituzten langile asko dago, baina goi mailako ikasketak dituztenak gutxiago dira. Gure enpresek gero eta gehiago eskatzen dituzte perfil altuetako langileak. Hori dela eta, unibertsitatearen eta lanbide eskolaren jarduna horretara bideratzen ari gara.
Aldaketa hau, gainera, areagotu egingo da. Gaur egun dena automatizatuago dago, eta kualifikazio handiagoa behar da.
Diagnostikoak Goierrik aurrera begira dituen erronkak ere hartzen ditu. Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Asko. Lehiakorrak izaten jarraitu nahi badugu elkarlanari eutsi behar diogu. Enpresen arteko loturak sendotu beharrean gaude. Handiek argi dute berrikuntzan eta garapenean lan egin behar dutela, txikiek ez dute hain argi. Txikiak, handien hornitzaileak izanda ere, balio erantsia duten produktuak ekoizten saiatu behar dira. Bestalde, enpresa handiak sektore estrategikoetan sartu diren bezala, txikiek ere hurbilketa hori egin behar dute. Nazioartekotu ere egin behar dira, izan ere, beren produktuak kanpoko merkatuetan ere lehiakorrak direla sinistu behar dute.
Eta nola sinesten da horretan?
Kanpora ateratzen ari gara enpresa txikiekin. Feriatan marka bat aurkezten dugu: GetGoierri Basque Country. Bezeroei hamabost kilometrotan fundizioak, forjak, korteko enpresak, galdaragintzak, mekanizazioa, tratamenduak eta muntaia aurkitu dezaketela erakusten diegu. Txundituta geratzen dira.
Gure jardunari ez diogu duen balioa ematen. Goierritarrok ez dakigu, esaterako, gure enpresetan egindako balbulak mundu osoko petrolio plataformetan daudela edo fundizioetako piezak munduko hamaika eraikinetan daudela. Brasileko parke eoliko handiena Goierriko enpresa batek egin du orain gutxi. Goierrin 230 enpresa txiki dago eta handiekin batera autobus baten %80, tren baten %80 eta garabi baten %90 eraiki dezakegu hemen, Goierritik atera gabe.