Kontseiluak antolatu du manifestazioa 'Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara' lelopean, 17:00etan, Gipuzkoako Plazatik hasita
EH Bilduko 40 alkatek (tartean goierritarrak) Lasarten egin duten agerraldia.
EH Bilduko 40 alkatek (tartean Goierrikoak) agerraldia egin dute gaur goizean Lasarten (Gipuzkoa), biharko Kontseiluak Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egiteko helburuz. Alkateek salatu dutenez, “Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariaren esku-hartze sistematikoa pairatzen ari dira azken hilabeteetan zuzentzen ditugun udalak; udal esparruan hartutako erabakien eta neurrien aurka egiten ari da behin eta berriro”.
Era berean, eremu sozialarekin eta ekonomikoarekin, euskararekin, hainbat erakunderi emandako laguntzekin edota sinbologiarekin zerikusia duten neurrien eta erabakien aurkako errekurtsoak aurkezten ari direla salatu dute. “Udal autonomiaren aurkako eraso horiek egoera jasangaitza eragin dute, gure eguneroko lana baldintzatu dute eta prozesu judizialetara baliabide publikoak bideratzea behartu gaitu. Galera ez da udalentzat bakarrik; jarduera horiek gizartea bera kaltetu dute”.
Ildo horretan, “interes edo kolore politikoen gainetik, egoera honi aurre egiteko deia egiten dugu. Etengabeko esku-hartze honi aurre egiteko urrats irmoak eman behar ditugu euskal instituzioetatik.. Urquijoren eta estatuaren esku-hartzeek erantzun bateratua eta komuna eskatzen dute, pairatzen ari garen erasoaren neurrikoa. Instituzioetatik eman behar da erantzun hori, eremu politikotik eta gizartetik, euskal instituzioetan hartutako erabaki demokratikoekiko errespetua exijitzeko”.
Alkateen taldeak, Gasteizko Legebiltzarreko talde politikoekin harremanak hasiko dituen alkateen batzordea izendatzea onartu dute, “erantzun bateratua gorpuzteko mekanismo politikoak eta juridikoak proposatzeko”.
Era berean, dei egiten die euskal gizarteari “Euskal Herrian, hartzen diren erabaki demokratikoen usurpaziori erantzuteko”. Z
entzu horretan, Kontseiluak deituta “Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara” bihar Donostian egingo den manifestazioan parte hartuko dutela iragarri dute eta “mobilizazio horretan egoteko deia egiten diegu herritarrei”.