Gabiriako rallysprintarekin hasiko da, igandean, Euskal Herriko eta Gipuzkoako automobilismo denboraldia bBederatzi proba zehaztu dituzte
Legazpi eta Gabiria arteko lasaitasuna eta isiltasuna autoen motor hotsek apurtuko dute igandean. Lagun Artean lasterketa taldeak antolatuta, Euskal Herriko eta Gipuzkoako rallysprint denboraldia hasiko da Gabiriako XVII. rallysprint probarekin.
Beste behin ere, jende andana bilduko da Legazpitik Gabiriarako bide estuaren eta bihurriaren ertzean. Elurra, euria, eguzkia… Denetik izan dute hamazazpi urte hauetan, baina bat edo beste izan, rally zaleek ez dute hutsik egiten, denboraldi berria hasteko irrikan egoten baitira. Gainera, Legazpiko Euskal Herria plazan goizean goizetik autoak gertutik ikusteko aukera ere izango dute, autoen egiaztatzeak egingo baitituzte parke itxian.
Denboraldiko lehenengo proba denez, komisarioek lan gehiago izaten dute autoen egiaztatze lanak egiteko. Jorge del Cid Lagun Artean-eko kideak azaldu duenez, paperak eta agiriak ondo dauden, segurtasun neurriak betetzen dituzten eta abar begiratzen dute.
Horregatik, ordubete lehenago irekiko dute egiaztatze ordua, 09:00etan. Jende asko «kuriositatez» joaten da parke itxira autoak ikustera. «Gabiriakoa berezia izaten da, pilotu batzuek auto berriak ekartzen dituzte eta». Enrique Barrenetxea bizkaitarrak, adibidez, auto berria prestatu du aurten, Mitsubishi Evo 9 bat, eta jakin-min handia dago horren bueltan, Del Ciden arabera. Jon Etxeberria legazpiarrak ere iaz hartu zuen Mitsubishi auto berria. «Kilometro gutxi batzuk egin ditut ordutik. Nahi baino gutxiago, dena den. Hala ere, gainerako Mitsubishietatik gertu egotea espero dut. Gozatzea eta bukatzea da kontua».
Lasterketa bera 15:00etan hasiko da. Legazpiko Euskal Herria plazatik Gabiriako Korta jatetxera bitarteko 6,65 kilometroak ahalik eta azkarren egitea dute pilotuek helburu. Hiru aldiz egingo beharko dute ibilbidea. 19:00ak inguruan bukatuko da lasterketa, eta 19:30ak aldera sari banaketa egingo dute Legazpiko plazan. Lasterketa polita espero dute antolatzaileek. Del Cidek dioenez, «BMWen ikusgarritasuna eta Mitsubishien eraginkortasuna» aurrez aurre jarriko dira.
Lasterketa bakoitza ezaugarri desberdinekoa izaten da, eta, Del Cidek dioenez, Gabiriakoa «egutegiko proba ikusgarrienetako bat da», ibilbideak gora eta behera egiten baitu. Hala, auto txikiek ere aukera izaten dute. Gogorarazi duenez, Egoitz Mujikak, adibidez, Saxo markako autoarekin egin zuen denborarik azkarrena iaz. «Ñañarriko igoeran, adibidez, errepidea zabalagoa da, eta auto handia izateak badu abantaila. Baina Gabirian ez hainbeste».
Segurtasun neurriak
Abiadurak berekin dakar arriskua; bai pilotuentzat, eta baita ikusleentzat ere. Era horretan, antolatzaileek hainbat gomendio egiten dizkiete bertaratzen diren zaleei. Batetik, aparkalekuei dagokienez, Ormaiztegitik Gabiriara doan errepideko bide bat aparkalekutarako egokituko dute, 10:00etatik aurrera. Legazpitik Gabiriara doan bidea ere ordu horretan itxiko dute autoentzat, eta «guztiz debekatuta dago rallysprintaren ibilbidean aparkatzea». Mendia «ahalik eta garbien» uzteko eta surik ez pizteko deia ere egin dute antolatzaileek.
Igandean hasi eta irailaren 19ra bitartean, Hego Euskal Herrian bederatzi rallysprint proba jokatuko dira. Gipuzkoan jokatuko dira gehienak, sei. Aurten, azkeneko bost urteko etenaren ondoren, Azkoitiko proba berreskuratuko dute. Beste bi proba, Bizkaikoak, datarik gabe daude oraingoz. «Denboraldia luzatzeko polita litzateke proba gehiago egotea urri aldean».
59
Parte-hartzaileak
Gabiriako rallysprintean 59 pilotu eta kopilotuk eman dute izena. Faborito nagusiak. Antolatzaileen arabera, Aingeru Castro Euskadiko txapelduna, Gorka Antxustegi, Mattin Villares, Iban Tarsicio, Joxe Labaka, Jon Etxeberria eta Iñigo Alustiza dira.
Egutegia
Irailaren 19ra arte bederatzi proba jokatuko dira Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Gehienak, Gipuzkoan.
Orain arte zehaztutakoak:
- Igandean. Gabiria.
- Martxoak 14. Goierri.
- Martxoak 28. Hondarribia.
- Apirilak 25. Azpeitia.
- Maiatzak 16. Ñañarri.
- Ekainak 6. Zornotza (Bizkaia).
- Uztailak 4. San Migel.
- Irailak 5. Azkoitia.
- Irailak 19. Aramaio (Araba).
* Gamizko eta Karrantzako proben data zehazteko dago oraindik