Gaur txikienen txanda izan da; bihar, berriz, 12 eta 15 urte artekoak ariko dira, 11:00etan hasita
Aurtzaka dantza taldeak antolatuta, Beasaingo Aurresku eta Soinu-Zahar txapelketa egiten ari dira asteburuan, Usurbe antzokian. Bi saiotan banatzen dute txapelketa; gaur, txikienen txanda (7 eta 11 urte artekoak) izan da; bihar berriz, 12 eta 15 urte artekoak ariko dira, 11:00etatik aurrera.
Denera 73 lagunek parte hartuko dute; 32 aritu dira gaur, eta bihar beste 41. Parte hartzaileen artean, neskak dira gehienak, 46 guztira; mutilak berriz, 27 dira.
Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen ligaxkaren barruko kanporaketa saioak dira Beasaingoak. Ligaxka hori, urrian hasi eta maiatzera bitartean jokatzen da, Euskal Herriko hainbat herritan. Finalak, maiatzean izango dira Oreretan (Aurreskukoa) eta Legazpin (Soinu Zaharrekoa).