Guztira 59 kotxek parte hartu zuten atzoko lasterketan, eta Iñigo Alustiza legazpiarra izan zen lehen goierritarra
Atzo hasi zen Euskal Herriko rallysprint denboraldia, Gabiriako probarekin. Goiz osoan Legazpiko plazan egon ziren lasterketan parte hartu zuten 59 kotxeak. Arratsaldean, Legazpiko Euskal Herria plazatik Gabiriako Korta jatetxerako ibilbidea, 6,65 kilometrokoa, hiru aldiz egin behar izan zuten pilotuek. Joxe Francisco Labaka eta Aitor Otaegi izan ziren azkarrenak, hiru itzuliak 14.39 denboran eginda.
Lagun Artea lasterketa taldearen webgunena ikus daiteke sailkapen osoa.
Bigarren sailkatuak Garikoitz Flores eta Iñaki San Migel izan ziren, irabazleak baino bost segundo gehiagorekin. Hirugarrenak, berriz, Iban Tarsicio Fernandez eta Iñigo Peña, irabazleak baino zazpi segundo gehiagorekin. Garbi geratu zen Mitsubishien nagusitasuna atzokoan, auto hori baitzuten lehenengo hiruek.
Eguraldia lagun izan zuten atzoko lasterketan, ateri mantendu baitzen. Dena den, aurreko egunetan egindako euriaren ondorioz lokatza atera zuten autoek errepidera. Nahiko zikin eta irristakor amaitu zuen bideak, eta kotxeren bat edo beste atera zen errepidetik. Bestalde, lasterketan parte hartu zuten 59 autoetatik hamalauk ez zuten atzoko proba amaitu.
Goierritarrak
Hainbat pilotu goierritarrek ere parte hartu zuten atzokoan. Iñigo Alustiza legazpiarra izan zen lehen goierritarra, Rodolfo del Barrio ondoan zuela. Sailkapen orokorrean seigarren postua lortu zuten, 15.12 denborarekin. Urretxu-Zumarragako Iker Juez eta Mikel Gil, berriz, hamargarren postuan geratu ziren sailkapen orokorrean.
[nggallery ID=143]