
Urte gehiegi dituen ama bat, enbolia bat, gripe bat eta hiltzeko batere gogorik ez; 50 urte inguruko seme bat, hondoratzen ari den enpresa baten jabea eta urruntzen ari den erretiroa; 42 urteko beste seme bat, ama zaindu, bainatu, orraztu eta ia hiltzen duena; libreta asko eta aurrezki gutxi; berehala saldu beharreko etxea; eta gau amaiezinak, sekretuz beteak.
Elkarrizketa biziz eta naturalez, adinekoen zaintzak dakarren nekea nahiz bi anaien arteko harreman gatazkatsua jasotzen ditu Txalo Produkzioakek prestatu duen Erdibana antzezlanak. Ordizian izango da gaur gauean Jose Ramon Soroiz eta Iker Galarza protagonista dituen komedia.
Barre egiteko hitzordu perfektua izango da, ikusleak identifikatuta sentituko diren komedia lehergarria. Jordi Sanchezek eta Pep Anton Gomezek idatzitako antzerkia da Erdibana, Begoña Bilbao zuzendari duena.
Hitzordua gaur gauerako jarri dute, 22:15ean Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak Barrena Kultur Etxean daude salgai aldez aurretik; gauean bertan Herri Antzokian egongo dira.