
Gipuzkoako Mendizale Federazioak Ataun Kirol Elkarteari eman dio Goierriko Eskolarteko Mendi Lehiaketa antolatzeko ardura aurten. Etzi izango da ibilaldi neurtua, eta bi ibilbide antolatu dituzte: hiru ordu eta erdiko ibilbide luzea eta bi ordu inguruko ibilbide motza.
Bi ibilbideak herriko eskola ondoan dagoen Auzoeta kiroldegian izango dute hasiera eta bukaera, eta parte hartzaileak 08:30etik 09:00etara bitartean irtengo dira. Auzoeta kiroldegia, Iturralde, Ubarri, San Martingo plaza, Kortaberri, Aldabe, Arrateta, Agerreaundi, Urrestarazugarakoa, Urdarano, Bedamako Zelaia (kontrola), Iruzuloeta, Larburu, Mendiurkullu, Gaztiñerre, Portugañe/Arrate, Hirubideko zubia, Ola (Barandiaran museoa), Sara, Peruenezarre, Olaluzeagako karobizuloa, Iturralde, herri eskola, eta Auzoeta kiroldegia izango da ibilbide luzeko zirkuitua.
Ibilbide motzak Portugañe inguruan egingo du bat ibilbide luzearekin. Itturraldetik joago dira bertara, Arrondoko estradatik barrena. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eskualdeko ikastetxe ugaritako ikasleak eta gurasoak gerturatuko dira etzi Ataunera, eta bakoitzak erabakiko du zein ibilbide egin.
Ataun Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, «beste urteetako partaidetza kontuan izanda, guztira 300 pertsona inguruk parte hartuko du mendi ibilaldian». Ataunen ez ezik, Gipuzkoako beste lau herritan ere egingo ditu federazioak ibilaldi neurtuak: Irunen, Hernanin, Azpeitian eta Arrasaten.
Deialdi ezberdinak
Ataun Kirol Elkarteak antolatutako ibilbidean puntaz punta ibiliko dira parte hartzaileak. Ibilbide luzeko puntarik gorenena Iruzulota izango da, 600 metrorekin eta ibilbide motzekoa Gaztiñerre, 330 metrorekin. Eskualdeko ikastetxe guztien edo ia guztien parte hartzea espero da eta herri batzuetan mendi elkarteek ere egin dute bertara joateko deialdia.
Tartean daude Beasaingo Aizkorri eta Lazkaoko Amalur. Beasaingo mendi elkartekoak autobusez joango dira Ataunera, Gipuzkoa plazatik 08:15ean irtenda. Lazkaotik 08:30ean irtengo dira, Itzala tabernaren ondotik (buelta 13:30ean izango da).