Sare sozialek garrantzia handia hartu dute eta Beasain BHI ikastetxeko ikasleek urteak daramatzate gai hori lantzen. Aurreko urteetan aditu batek gurasoekin eta ikasleekin lantzen zuen gaia, baina oraingoan harago joan dira. Gaia ikasleekin eta gurasoekin lantzeaz gain, DBH3ko ikasleak aditu eta irakasle bihurtu dira. Egitasmoak Zibermanager du izena. Helburua, sare sozialen erabilera ona bultzatzea da. Iratxe Esnaolak DBH3ko ikasleak formatu egin ditu eta, ondoren, hauek gazteagoekin lan egin dute. Esnaola informatikaria eta Deustu Unibertsitateko irakaslea da.
Formazio saioetan DBH3ko ikasleek parte hartu dute. Ondoren, irakasle izateko aukera eduki dute. 45 aukeratu dituzte eta hauei Esnaolak bigarren formazio saio bat eman die. Bukatzeko, ikasitakoa ikasle gazteagoei irakatsi diete, Esnaolaren begiradapean.
Ikastetxean teknologia berriak txertatzeaz arduratzen diren irakasleak «gustura» ageri dira. Gai hau garrantzitsua dela eta ekimenak bere fruituak eman dituela uste dute. «Gazteak sare sozialen erabiltzaile sutsuak dira. Ia guztiek smartphone bat dute eta horrek munduko ateak irekitzen dizkie, baina heziketa behar dute».
Izan ere, askok teknologia berrien erabilpen txarra egiten dute. «Bi aldiz pentsatu gabe, argazkiak atera eta sarera igotzen dituzte. Ez beraienak bakarrik, gainera. Handik denbora batera, argazki horietaz lotsatu egiten dira. Bestalde, sare sozialetan batak besteari aurpegia ikusten ez dionez, oso erraza da min egitea. Horretaz guztiaz jabetzea nahi dugu. Argazki bat atera edo sarera igo aurretik besteei baimena eskatu behar zaiela, adibidez. Gure asmoa ez da sare sozialak ez erabiltzea, erabilpen ona ematea baizik. Komunikaziorako tresna onak dira eta modan daude».
Proiektuarekin jarraitzeko asmoa dute eta nola hobetu ere pentsatu dute. «Hona herri txikietako ikasleak ere etortzen dira eta ikasle hauek euren jatorrizko ikastetxeetan formazio saioak ematea nahi dugu».
Izan ere, ikasleek elkarri irakastea oso aberasgarria dela uste dute. «Irakasle gazteek mezua oso ondo barneratu dute eta besteei asko lagundu diete. Bestalde, jende aurrean hitz egitea, autoestimuaren indartzea… ere landu ditugu. Gainera, ikasle gazteek zaharragoei kasu handia egiten diete».
Gurasoekin ere bai
Gurasoekin ere lan egin dute, noski. «Iratxek formazio saioa eman die eta managerrek euren esperientzia azaldu diete. Izan ere, gurasoen artean ezjakintasun handia dago. Sare sozialak erabiltzen ikasi eta enpatia landu behar dute seme-alabekin. Euren bidelagun izan behar dira».