'Korosting 24 ordu', korrikalarientzako erronka berria
Ostiraleko 13:00etan Euskal Herria plazatik abiatuta, 24 ordutan txandaka eta banan bana Korostira igotzea eta jaistea da egitekoa.
Iazko Korosti Traileko partaideetako bat. Korosti Trail mendi lasterketen antolaketa taldeak erronka bat bota die Legazpiko eta inguruko korrikalariei, eta udalaren laguntzarekin Korosting 24 ordu izeneko desafioa antolatu du ostiral eta larunbat honetarako, irailak 12 eta 13. Ostiraleko 13:00etan Euskal Herria plazatatik abiatuta, Korosti edo Gorostiaga mendira 24 orduz jarraian igotzea eta jaistea da egitekoa, txandaka, eta banan bana.
Kirol proba honek ez du izaera lehiakorra, eta parte hartzea, laguntasuna eta mendiaren gozamena lagunarteko giroan sustatzea du helburu. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “ez da mendi lasterketa bat, lagunartean egiteko ekintza bat baizik”.
Planteatu duten erronkaren arabera, 24 ordu horietan 24 igoera egin nahi dituzte Korostira, orduko errelebo bat eginda. Guztira 144 kilometro izango dira, eta 13.000 metro positibo.
Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko legazpitrailagunak@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Epea zabalik egongo da txanda guztia osatu arte.
Erronka larunbatean amaituko da, hilak 13, 13:00etan, Euskal Herria plazan bertan.
Urriaren 12an jokatuko den Korosti Trailari begira giroa berotzeko jarduera da hau.












