Motorraren festa solidarioa
Larunbatean Goierriko II. Rallysprinta egingo dute Lazkao, Zaldibia eta Gaintza artean. Bertan bildutako diru guztia, Stop Sanfilippo fundazioa laguntzeko erabiliko dute«Motorraren festa, helburu solidario batekin». Hala definitu dute antolatzaileek ...
Larunbatean Goierriko II. Rallysprinta egingo dute Lazkao, Zaldibia eta Gaintza artean. Bertan bildutako diru guztia, Stop Sanfilippo fundazioa laguntzeko erabiliko dute
«Motorraren festa, helburu solidario batekin». Hala definitu dute antolatzaileek asteburuan jokatuko den Goierriko II. Rallysprinta. Euskal zirkuituko bigarren proba izango da, eta 73 pilotu ariko dira lehian Lazkao, Zaldibia eta Gaintza artean antolatu duten zirkuituan. Bildutako dirua, Stop Sanfilippo fundazioari emango diote, oso osorik.Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidenteak azaldu duenez, Euskadiko Rallysprint denboraldiko bigarren proba izango da, «euskal zirkuituko probarik zailenetako bat», baina aldi berean, «parte-hartzaileek hobekien baloratzen dutenetako bat» dela azaldu du. Guztira 73 pilotuk parte hartuko dute proban, hainbat mailatan banatuta. Aurten Goierriko 6 talde ariko dira, eta hori ere azpimarratzekoa dela azaldu dute. Horrez gain, Lazkaoko herrigunean kotxe klasikoen erakusketa ere izango da.
Sanfilippo gaitza
Lazkaon egindako aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarren umeak eta Izaskun Aizpurua haren amak. Honek azaldu zuenez, «diru behar batek eraginda» hasi ziren komunikabideetan agertzen. Izan ere, Oierrek duen gaitzarentzat tratamendu esperimental bat garatzen ari dira AEBtan, baina hori honera ekartzea oso garestia da. Fundazioak behar dituen 3 milioi eurotik 1,7 lortu ditu dagoeneko; denak, elkartasun ekintzen bidez. «Ez zaigu inongo aberatsik etorri diru kopuru handiak ematera; lortu dugun guztia tantaka-tantaka lortu dugu, herriko ekintzen bidez». Horregatik eskertu nahi izan dute honelako egitasmoak antolatzen eta laguntza emateko jarduten duten guztien lana.
Bide horretan lagundu dien talde garrantzitsu bakarra, Ner Group enpresa taldea izan da. Haren izenean, Juanjo Anduagak hartu zuen hitza atzoko ekitaldian. Ner Group taldeko enpresetan, «langile guztien lan orduen %2 helburu sozialeko ekintzetan» inbertitzen dituztela gogorarazi zuen, eta hainbat boluntariotza programatan parte hartzen dutela. Lazkaon, esaterako, taldeko 30 langile ariko dira larunbatean, boluntario moduan lanean.
Zaleentzako oharrak
Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidenteak, hainbat aholku eman zituen, zaleei eta ikusleei begira. Garaiz etortzeko gomendioa egin zien, aparkatzeko garaian eta sarbideetan arazorik ez izateko. Antolakuntzako boluntarioek esandakoari kaso egin eta «leku altu eta seguruetan» jartzeko eskatu zuen. Era berean, «ingurunea eta baserritarren lurrak errespetatu» eta sortutako zaborrak biltzeko deia egin dute.
Bestalde, larunbat arratsaldean (14:00etatik 21:00etara) Lazkaomendiko eta Gaintzarako bideak itxita egongo direla eta, pazientzia eskatu diete bizilagunei.













