Udaberri giroak piztu du Ordiziako feria, bai jende aldetik eta baita produktu aldetik ere.

Udaberriko lehen zizak ekarri zituen Aierbek
Eguraldi onak bizitasuna ekarri dio feriari. Udaberriko zantzuak nabarmenak dira dagoeneko; jende aldetik ere, beste alaitasun bat nabari zen atzo plazan. Ikusminik handiena, udaberriko zizek sortu dute. Gutxi batzuk izanda ere (125 gramo), plazara iritsi ahala, bezero asko hurbildu zen propio; ikustera gehienak, eta pribilegiatu gutxi batzuk baita probatzera ere. «Lehenengoak eta horrelaxe probatzea, txiki-txiki bat bere hortan, gordina, ia errituala bihurtu zaigu», entzun genien pare bati. Aierbek bildu ditu lehen ale hauek; «zortzi toki jakinetan bilatu dut inguru hauetan eta arrastoik ez zazpitan, gutxi hauek denak toki berekoak dira» zioen. Lasaren postuan, kiloko 160 euroko proportzioan ziren salgai.
Aurten udaberriko zizak berandu azaldu diren kontua ere ahoz aho zebilen. Kontua da, aurten berandu? Edo aurrekoetan goiz? Epe laburreko erreferentziak aintzakotzat hartuz, berandu esan beharko genuke, iaz edota 2011an, otsailaren hasieran kilo erdi ziza bazen. Baina izenak berez dio hau duela bere garai naturala. Berdin esango genuke mimosaren loretze garaiari buruz ere.
Landare postuetan ere nabarmen atzeman da eguzkia agertu dena. Salmentak ederki bizitu dira: tipulin landarea edota tipula gorria eta bitarteko porrua batez ere. Eta berotegiak dituztenak tomateak landatzen hasiak dira; Jack motakoa da ezagunena eta gehien erabiltzen dena. Baita ‘kilo tomatea’ ere Patxi Izagirrek esan digunez: «Kilo inguruko tomate arrosa antzekoak ematen ditu; beste izenen bat ere izango du agian, baina guk kilo tomatea esaten diogu».
Patata, baba eta ilarra

Atzo Granadako Motril herriko lehen patata berria zen salgai kanpoko produktuak eskaintzen dituzten postuetan, kiloa euroan. Prezioari dagokionez zer pentsatua ematen duen datua: 2011n, martxoaren 9ko ferian ekarri zituzten lehenak toki beretik eta kiloa 1,65 euroan saldu zen. Murtziako baba (2,5 €/Kg) eta Almeriako ilarra ere aukeran dira (4 €/Kg). Uholdeak uholde, Nafarroako orburuaren prezioa ez da aldatu; dozenako 3,80-3,90 euroan segitzen du.
Arkumeari dagokionez, etxez etxeko bilketan prezioak iraunkor segitzen badu ere (3€+BEZa) Ordizian atzo 24 buru saldu ziren, kiloko 3,30 euroan.