Hiromi Yoshida (Japonia), Axen Eskalada (Euskal Herria) eta Olga Zhecheva (Bulgaria) arituko dira ipuin kontaketan.
Kulturak eta mundu ikuskerak aurrez aurre jarriko dira larunbat honetan Ordizian. Kultur globalizazioari ihes eginez, elkar ezagutzea, harremanak sustatzea eta aniztasuna aberasgarria onartzea da helburua, bakoitzak bere izaerari eutsiz. Hainbat estilo eta hainbat forma bilduko dira Ahoz Aho Jaialdian. Hiromi Yoshida japoniarra, Axen Eskalada eta Olga Zhecheva bulgariarra izango dira oholtza gainean bihar. Arratsaldeko 17:00etatn hasiko da ekitaldia Barrenan.
Hiromi Yoshida Tokyon jaioa da, hizkuntzalaritzan doktorea, lanbidez irakaslea eta euskara ondo menderatzne duena. Rakugoa Euskaraz egitasmoan itzultzailea eta ekoizlea izan da. Rakugoa Japoniako ahozko tradizio bat da. Antzerkiak ikustera joatea luxua zenean, herritar xumeak rakugoa entzutera joaten ziren. Edozein gai erabiltzen ditu rakugoak, beti ere barre eraginez. Hamar eta hogeita hamar minutu artean irauten dute rakugo obrek, luzeago ere izan daitezke. Pertsonaia gehienak kaleko jende xumeak dira, gehienak aldrebes samarrak. Horien inguruan sortzen diren komeriak barrez leherrarazten ditu ikusleak. Hiromi Yoshidak 20 urte daramatza Euskal Herrira etortzen eta euskara ikasten.
Bere ikuskizunean Axen Eskalada izango du ondoan. Yoshidak aurkezpena egiten du rakugoa zer den azalduz eta ondoren Escalada rakugolaria agertzen da.
Olga Zhecheva bulgarriarra Teatro Plus txotxongiloen antzerki-konpainiako kidea da. Bulgariako Antzerki eta Zine Akademia Nazionalean ikasi zuen, eta txotxongilo-antzerkiko aktore gisa ekin zion bere ibilbideari. Bere errepertorioan, objektuak erabiliz Bulgariako ipuin tradizionalak jasotzne dituzten bi bilduma ditu, eta horieta bat Bulgariako Altxorrak izenburua daraman liburuan jasotzen da.
Barrenako saioaren ondoren, Nai Malabaristaren txanda izango da. Iluntzeko 19:30etik aurrera izango da ikuskizuna, Plaza Nagusian. Unai Saenz da malabarista, gasteiztarra. Bere irudimenari esker, malabareak, dantza nahiz antzerkia konbinatzen ditu. Giro magiko eta berezia sortzen du. Txina, India edo Afrika bezalako lekuetatik sorpresa ugari ekarriko ditu Nai Malabaristak.