Goierrin kirol zaletasun handia dago eta, hala, ia kirol guztiak egiteko aukera dago. Baita skate delakoa ere, Goierri Roller Skate taldearen eskutik.
Goierrin kirol zaletasun handia dago eta, hala, ia kirol guztiak egiteko aukera dago. Baita skate delakoa ere, Goierri Roller Skate taldearen eskutik.
Talde hau Sergio Piccolinok sortu zuen, 2013an. Fraide hau gaztetan patinetan ibili zen eta hemengo gazteekin lan egitea espero zuen. Seirekin hasi zen eta egun 30 bat dira. Gehienak goierritarrak dira.
Lehen urtean taldeko gazte bat, Beni Laver beasaindarra, Europako txapelketako finalerako sailkatu zen. Berak ez zuen joaterik izan eta bere ordez Jon Mallet itsasondoarra joan zen.
Iaz, Gipuzkoako lehen txapelketa antolatu zuten. Lau proba egin zituzten: Bergaran, Oiartzunen, Intxaurrondon eta Lazkaon. Aurtengo denboraldiari dagokionez, otsaila erdialdean hasi zuten, Bergaran. Inauteriak ziren eta ez zuen jende askok parte hartu. Bigarren proba Ordizian izango da eta parte hartzea handiagoa izatea espero dute.
Ordiziako proba bihar izango da, skate parkean. 6-17 urte bitarteko neska-mutilek har dezakete parte. Gaur, berriz, herriko plazan, erakustaldia egiteko asmoa dute. Probaren egunean, 11:30ean, ikastaroa emango diete gerturatzen diren guztiei. Lehiaketa 15:00etan hasiko da.
Aurten bost proba antolatu dituzte. Azken hiruak udaberrian izango dira: Hondarribikoa apirilean izango da, Tolosakoa maiatzean eta Donostiakoa ekainean.
Mikel Navarro taldeko arduradunak zaletasun handia dagoela dio. «Gero eta skate park gehiago daude. Gainera, gure taldean, skate-a egiten dutenez gain, scooter-a egiten dutenak ditugu. Scooter patineteei deitzen diegu: eskulekoa dutenei, alegia. Eurentzat ere lehiaketaren bat antolatzeko asmoa dugu», azaldu du.
Bestalde, aurki taldeari izena aldatuko diotela aurreratu du. «Goierri Roller Skate izenarekin arazoak ditugu, ez baitute onartzen. Hori dela eta, Goroskate Club izena hartu behar dugu».