Musika ezohiko agertokietara atera dute Lazkaon, musika eskolaren kultur astean
Festa egunak toki askotan izango dira Lazkaon atzo baino musika, doinu eta mugimendu gutxiagorekin. Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultur astean, ‘Musika kalean’ ekimena burutu zuten, arratsaldean. Taldeak, musikariak eta tresnak kalera eraman, eta ohikotasunean musika entzutea normala ez den tokietan aritu ziren.
Sei kontzertu edo emanaldi izan ziren, gutxienik. 16:30ean hasi zen egitaraua, plazan batukada taldearen saioarekin. Ondoren, skate parkean biolina eta akordeoia entzun ahal izan zen, Lazkao Txiki Zelaiko plazan zeharkako txirula, saxofoia eta klarinetea. Orobione egoitzan, koruen kantaldiak. Jundajo txaranga ere kalejiran ibili zen, jaiegun handien gisan. Azkenik, iluntzean, konbo kontzertua eta The Kites ahots boskotearen kontzertua izan ziren, plazako frontoian.
Asteburuan ere jarraituko du kultur aste musikalak. Gaur (ostirala), I. Euskal Kantu Lehiaketa egingo dute, Arerian, 18:30ean. Bihar,12:00etan, Areriaren kanpoan, ‘Ahotsaren eguna’ gauzatuko dute: musika eskolako helduen korua, kantu koraleko taldea eta haur abesbatza, eta Orobione eta Kantaka abesbatzak ariko dira. Igandean, berriz, 12:30ean, Txaston taldeak Dixieland jazz kontzertua emango du, plazako pilotalekuan.
Horrez gain, igandean Beneditarren komentuko mezan ere kantaldi berezia entzun ahalko da. Lazkao abesbatza eta Kapera Gregorianista ariko dira, Beneditarren elizan. Meza 11:00etan hasiko da. 32 urte daramate elkarrekin abesten bi koruek.
Argazki bilduma (Argazkiak: Mikel Albisu):