Gure Esku Dago ekimenak mahai ingurua egingo du bihar 19:00tan. 'Erabakia ehuntzen' egitasmoaren barruko egingo den ekintzetako bat izango da solasaldiaEtorkizuna, elkarrekin erabaki mahai ingurua egingo dute bihar, arratsaldeko 19:00etan Guraso Elkart...
Gure Esku Dago ekimenak mahai ingurua egingo du bihar 19:00tan. ‘Erabakia ehuntzen’ egitasmoaren barruko egingo den ekintzetako bat izango da solasaldia
Gure Esku Dagoren aurtengo erronkak azaltzen: ‘hautesontzia’ (aldarrikapena), ‘edukia’ (adostasuna) eta ‘erabakia’ (gauzapena) hitzak dira bide-orria./Aimar Maiz
Etorkizuna, elkarrekin erabaki mahai ingurua egingo dute bihar, arratsaldeko 19:00etan Guraso Elkartean. Bertan egingo duten solasaldian hainbat alderdietako pertsonak egongo dira. Honako hauek dira gonbidatuak: Patxi Zabaleta Aralar alderdiaren sortzailea eta Nafarroako Legebiltzarkideko kidea -Ezker Abertzalea-, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia eta EiTBko zuzendari ohia -EAJ-, eta hirugarren gonbidatua Jesus Egiguren Eusko Legebiltzarreko presidente eta legebiltzarkide ohia -PSE- da. Moderatzaile lanetan Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko irakaslea arituko da.
Mahai inguruan alderdi desberdinek duten ikuspuntua elkarbanatuko dute, etorkizun komun bat eraikitzeko pausoak zein diren zehaztuz.
Erabakia ehuntzen
Urtea ekintzaz beterik hasi du Gure Esku Dago Izal ekimenak. Urtarrilaren 24an erabakia ehuntzen egitasmoaren aurkezpena egin zuten Idiazabalen. Bertan azaldu zituzten zeintzuk izango ziren eman beharreko pausoak.
Aurten protagonista nagusiak oihal zatiak izango dira. Oihal zati horietan bakoitzak nahi duena idatziko du, euro baten truke. Ondoren, oihal zati horiek bata bestearekin josiko dira. Hori, apirilaren 25ean egingo da, ehuntze egunean. Horrela, oihalak elkarrekin josiz oihal kate erraldoi bat sortuko da.
Hilabetean behin behintzat ekitaldiren bat antolatzen dute Idiazabalen, izan ere, helmuga bezain garrantzitsua bidea dela sinesten dute. Adibidez, otsailaren 14an Jostunak dokumentala ere egon zen ikusgai Guraso Elkartean.
Ekainaren 20ari begira
Gure Esku Dago ekimena ekainera begira dago. Euskal Herri mailako jaialdi handi bat egingo dute ekainaren 20an, Donostian. Aldarrikapen eguna izango da, iazko ekainean Durango eta Iruñea batu zituen giza kateari jarraipena emango diona.