Legazpiko Gure Esku Dagok 2015eko ekitaldiak aurkeztu ditu
Gure Esku Dagok ekitaldi nazionala antolatu du ekainaren 21erako eta legazpiarrek hainbat ekintza antolatu dituzte ekitaldi hori bultzatzeko. Legazpiko ekitaldiak gaur aurkeztu dituzte, Azokan. Jende askok parte hartu du. Hasteko, Gure Esku Dagoren Erabakia Ehuntzen ekimenaren bideoa eman dute. Ondoren, Legazpiko ekitaldien berri eman dute. Martxoaren 26an, 19:00etan, hitzaldia egongo da kultur etxean. Hiru legazpiar ezagunek parte hartuko dute: Joseba Barandiaran ekonomilariak, Aintzane Gamiz aktoreak eta Josu Zabaleta itzultzaileak. Bi galdera erantzuten saiatuko dira: …eta guk zer erabakitzen dugu? Eta zer erabaki beharko genuke?
Bestalde, apirilaren 25ean Ehuntzen Eguna ospatuko dute. Gure Esku Dago Euskal Herria osoan oihalak banatzen ari da eta herritarrek erabakitze eskubidearen aldeko mezuekin beteko dituzte. Apirilaren 25ean legazpiarrek euren oihalak elkartu eta josiko dituzte. Ekainaren 21ean, Donostian, Euskal Herria osokoak josiko dituzte. Oihalak lortzeko Gure Esku Dagoko kideekin harremanetan jarri behar da. Ekitaldiak aurkeztu ondoren, legazpiarrek Joxe Arizkorretak konposatutako abesti bat abestu dute.