Estazioak seinaleztatutako 279 kilometro ditu, 16 ibilbidetan banatuta. Lasterketa batekin zabaldu dute ibilbidea.
Euskal Herriko Trail Estazioa asteburuan zabaldu dute, larunbatean Larraitzen eta igandean Zegaman egindako ekitaldi banarekin. Izan ere, bi puntu horietan izango ditu instalazioak trail estazio honek, Enirio-Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalei begira. Estazioak, seinaleztatutako 279 kilometro ditu, 16 ibilbidetan banatuta. Egitasmoaren helburu nagusia, “naturari lotutako aisialdi-jarduerak bultzatzea” da, batez ere, Gipuzkoako barnealdeko turismoa lagunduz.
Irekialdi moduan, 10 eta 18 kilometroko bi lasterketa egin dituzte; 100 kirolarik baino gehiagok parte hartu dute proba horietan, eta proiektua bultzatu duen Iker Karrera lasterkaria ere bertan izan da. Hain zuzen ere, Trail estazio honen bi puntuak, Larraitz eta Zegama lotzen dituen 40 kilometroko ibilbidea egin du Karrerak, inaugurazio ekitaldian parte hartu aurretik.
Gipuzkoako Foru Aldundia da ekimenaren arduraduna, eta 35.000 euroko inbertsioa egin dute. Haren izenean, Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Diputatuak hitz egin zuen, lasterketetako batean parte hartu eta gero. Uriguenen arabera, “natura turismoak etorkizun handia” du eta “sektore estrategikoa da barnealdeko Gipuzkoa erakargarriagoa izan dadin”. Zentzu horretan, azken urteetan norabide honetan egindako lanari esker “bisitarien kopuruak gora” egin duela azaldu zuen; “badakigu arrakasta hori mendiko kirol turismoaren aldeko erronkari zor diogula, neurri handi batean”.