Emozioa azkenera arte trebezia lehiaketako final jendetsuan
Pasa den igandean jokatu zen Trebezia Lehiaketako finala Labeaga aretoan. Lehiaketa hau herriko ikastetxeetako haurrei zuzendurik egon da eta erantzun oso ona izan du, ehundaka gaztetxo izan baitira parte hartu
The post Emozioa azkenera arte trebezia lehiaketako final jendetsuan appeared first on Otamotz.
Pasa den igandean jokatu zen Trebezia Lehiaketako finala Labeaga aretoan. Lehiaketa hau herriko ikastetxeetako haurrei zuzendurik egon da eta erantzun oso ona izan du, ehundaka gaztetxo izan baitira parte hartu dutenak. Igandeko finalean, izena emandako 84 taldeen arteko 24 onenak izan ziren lehian nor baino nor eta azkenean, hainbat proba egin ostean, “Game Over” taldea (Urko Gonzalez, Unax Etxaniz, Asier Etxaniz) izan zen nagusi, puntuaketa estu joan bazen ere.
Igandeko saioa ere jendetsua izan zen, aurtengo jendetsuena, eta Labeaga aretoa txiki geratu zen ia, sailkapen faseko saioetan bezala. Izan ere, partehartzaileek jende andana mugiarazten dute, euren guraso, senitarteko, lagun eta gainerakoak ere saioa bertatik-bertara jarraitzen baitute. Esan bezala, talde finalistek hainbat proba egin behar izan zituzten, euren trebezia erakusteko, eta onenek fase ezberdinak igaro eta aurrera egin zuten. Haserako 24 taldeen artetik zortzi pasa ziren bigarren txandara eta horietatik lau baino ez azkeneko probetara. Talde irabazleaz gain, “3 super neskak” (Bahouili Garcia, Naroa Telleria, Maialen Segurola), “Gu ta gutarrak” (Maxi, Paul, Jokin) eta “Aupa Gainzuriko neskak” (Ane Agirre, Selena Alvarez, Irene Salegi) izan ziren indartsuenak, bigarren postutik laugarrenera, hurrenez hurren. Azkeneko ariketetan, gainera, partehartzaileek euren gurasoen laguntza izan zuten ohiko koreografia osatzeko, eta horrek umorea erantsi zion amaierari.
Amaieran, lehenengo lau sailkatuek sari bereziak jaso zituzten eta argazkiak atera ostean merienda bat izan zen partehartzaile guztientzat. Antolatzaileek positiboki baloratu dute ekimena: “Trebezia Lehiaketak aurten ere izan duen erantzuna ikaragarria izan da, ia 300 haurrek hartu dute parte guztira, adin tarte horretako herriko haur guztiak ia, eta ikuskizuna aparta izan da. Aurrerantzean ere ildo beretik jarraitzeko asmoa dugu”. Izan ere, Trebezia Lehiaketa baliabide oso gutxirekin antolatu baina erantzun aparta izaten duten ekimenen artean adibide garbienetakoa da. Bukaeran, gaztetxo ugari datorren urteko edizioaz galdezka ari ziren jadanik, eta aurten adin minimora iritsi ez baina datorren urtean iritsiko diren zenbait gaztetxo ere irrikitan zeuden euren aukera noiz helduko: “aurten ez dut parte hartzerik izan baina datorren urtean parte hartzeko moduan izango naiz eta urte guztia daukat entrenatzeko”. Hori da izpiritua!
The post Emozioa azkenera arte trebezia lehiaketako final jendetsuan appeared first on Otamotz.