Euskarazko tokiko hedabideak sustatzeko kanpaina egiten ari dira Beasainen
«Tokiko euskarazko hedabideek euskararen normalizazioan betezen duten papera funtsezkoa dela ikusita», iazko urritik elkarlanean ari dira Beasaingo Udala eta Goierriko Hedabideak taldea herrian euskarazko prentsa sustatzeko. Azken urteetan Beasainen erakitako etxebizitzetan harpidetza orriak banatu ziren orduan, eta udal euskaltegian ere lanketa berezia egin da.
Orain, berriz, udal liburutegian ari dira Goierriko Hitza egunkaria eta GoiBerri aldizkaria sustatzeko kanpaina egiten. Hala, udal liburutegiko bazkideekin lanketa berezia egiten ari dira bi erakundeak elkarlanean, eta liburu bat maileguan hartzen duen bazkide guztiei, sustapen kanpainako eskuorri bat banatzen diete.
Eskuorri horretan zozketa batean parte hartzeko aukera eskaintzen zaie bazkideei: Mahala saski bat, bi pertsonentzako otordua Urretxuko Santa Barbara aterpetxeko jatetxean edo bi pertsonentzako egonaldia Itziarren (Deba, Gipuzkoa) dagoen Zubeltzu Torre nekazalturismoan.
Bazkideek zein herritarrek Goierriko Hitza eta GoiBerri hobeto ezagutu ditzaten, beraien esku jarri dira udal liburutegian egunkariko eta aldizkariko aleak, nahi duenak hartu ditzan. Kanpaina hilaren 27ra arte egongo da martxan eta, ondoren, Beasaingo Udalak egunkariko eta aldizkariko bina harpidetza zozkatuko ditu liburutegiko bazkideen artean.