Ahozkotasunaren festa handia egingo da gaur Ordizian
Ipuin eta istorioen berotasunak hartu du Ordizia egunotan. Ahoz Aho 2015 jaialdiaren baitan, kontakizunak eta kontalariak izan dira protagonista berriz ere. Gaur gauean egingo da Barrena kultur etxean jaialdiko ikuskizun nagusia 22:00etatik aurrera.
Ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdiaren edizio berri honi amaiera emateko narrazioaren aztiak gonbidatu dituzte Ordiziara. Azerbaijango Tarana Karim, Kolonbiako Willo Arunategi eta Genis Llopart kataluniarra igoko dira taula gainera. Beraiekin izango dira hainbat kontalari euskaldune re: Itziar Saez, Iñaki Agirrezabal, Ibai Esoain eta Gorka Lariz ordiziarra.
Ahozko Kontakizunen III. Lehiaketako hiru finalistek piztuko dute gaueko sua. Ekaitz Goikoetxea beasaindarra, Pili Eskisabel ataundarra eta Imanol Arabaolaza tolosarra dira aurreko kanporaketatik sailkatu diren hiruak. Jaialdia amaitzean jakingo da zein den hirugarren edizio honetako irabazlea.
Ordiziako Udaleko Kultura sailetik aipamen berezia ein diote Gorka Lariz narratzaile ordiziarrari. Aurreko edizioetan kontakizunen lehiaketan parte hartu ondoren, aurten kontalari gisa bere ikuskizuna eskaintzera animatu da. Lariz 1998an hasi zen antzerkian Urrup taldearekin eta 2000. urtean Madrilera joan zen arte eszeniko ikasketak egitera.
Urrup antzerki taldean jarraitzen du, baina hamaika lan egin ditu beste hainbat arlotan. 2000tik hona irrati saioak, bakarrizketak… Telebistan ere aritu izan da, zinean eta hiru dokumentaletan: Lucio, El secreto de Urdaneta eta Uda minean, negua. Laburmetrau ugaritan ere hartu du parte Larizek, La apuesta izan da lan horietako azkena.
Ahozkotasunaren festa izango da gaurkoa antolatzaileen esanetan, aktore parte-hartzaileek erabat liluratuta utziko dituztelako ikuspeak. Ipuinak, istorioak, kontakizunak eta gertakizunak kontatuz, narrazio-estilo ezberdinez gozatu ahal izango da. Mundu zabaletik etorri eta eszenatokian egingo dute topo artistek, bakoitzak eskainiko duen ikuskizunaren zatitxo bat erakusteko.