Legazpi: Goierriko Paris
Legazpiko hiru tokitan Txo! taldeko artisten lanak ikus daitezke. Kultur etxean hilaren 27a bitartean egongo dira eta Juan Kruz ile-apaindegian eta Katilu tabernan, apirila amaitu arte.Legazpik Paris dirudi egunotan. Estatu frantziarreko hiriburua arte...
Legazpiko hiru tokitan Txo! taldeko artisten lanak ikus daitezke. Kultur etxean hilaren 27a bitartean egongo dira eta Juan Kruz ile-apaindegian eta Katilu tabernan, apirila amaitu arte.
Legazpik Paris dirudi egunotan. Estatu frantziarreko hiriburua artearen hiriburua ere bada, baina Legazpin ez daude hankamotz. Izan ere, herriko hiru tokitan 23 artisten lanak jarri dituzte.Erakusketa hauek Txo! taldeak antolatu ditu, bere 25. urteurrena ospatzeko. Txo! taldeko 23 lagunen lanak kultur etxeko erakusketa aretoan, Juan Kruz ile-apaindegian eta Katilu tabernan ikus daitezke. Legazpiko erakusketa ixten dutenean, lanak Baionara eramango dituzte.
Txo! Gorka Salmeron eta Carlos Ausserladscheider legazpiarrek sortu zuten, 1990ean. Ondoren, Olatz Goiburu eta Jaione Berasategi legazpiarrak eta Peio Goello hernaniarra elkartu zitzaizkien. Azken honen bitartez, Hernaniko jende gehiago sartu zen. Taldekide bakoitzak kide berriak proposatu zituen eta, hala, kolektiboa asko hazi zen.
Lehen erakusketa Legazpiko kultur etxean egin zuten, 1990ean. Gorria eta urdina izan ziren bere ardatzak eta 25. urteurreneko erakusketetarako gai bera aukeratu dute.
1994. urtean arte erakusketa asko eskaini zituzten Gipuzkoan zehar. Ondoren, etenaldia egin zuten. 2009an berriro ekin zioten; urte hartan Legazpin erakusketa bat antolatu zuten. 2012an, berriz, Andoaingo Bastero kultur etxean erakutsi zituzten euren lanak.
Azken urte hauetan, taldea hazi egin da. Iker Valle sartu zen eta berak Iparraldeko hainbat artista gonbidatu zituen. Sartzen azkenak, Urretxun bizi den Ana Cabezas ordiziarra eta Susi JR (Salmeronen emaztea) dira. «Taldea gure lanak erakusteko eta gure iritziak elkartrukatzeko aitzakia» dela dio Salmeronek.
Taldearen 25. urteurrena ospatzeko hiru erakusketa antolatu dituzte. «Hasierako asmoa gure lanak Juan Kruz ile-apaindegian erakustea zen, baina jende asko azaldu zen parte hartzeko prest eta azkenean hiru erakusketa antolatu ditugu».
Komisario lana ez da erraza izan. «Internet eta telefonoa erabili ditugu elkarrekin harremanetan jartzeko. Egia esan, antolaketa lana nik espero baino korapilatsuagoa izan da».
Lanak merezi izan du, ordea. Eurei esker, Legazpik Paris dirudi. Artelanak hilaren 27a arte egongo dira kultur etxean. Bertako aretoa astelehenetik ostiralera irekitzen dute, 17:30etik 20:30era. Ile-apaindegiko eta tabernako erakusketak, berriz, apirilaren 30ean itxiko dituzte. Kultur etxea, Juan Kruz ile-apaindegia eta Katilu: Legazpiko Louvre, Orsay eta Pompidou.