Aldundiak 'Partaidetzako aurrekontuak' egitasmoa aurkeztu du Urretxun
Gipuzkoako Foru Aldundiak Partaidetzako Aurrekontuak ekimena abian jarri du. Bere aurrekontuetako 20 milioi euro herritarren esku jarriko ditu eta hauek diru hori zertan eta nola inbertitu erabakiko dute. 20 milioi euro horietatik bi Goierri garaiari dagozkio eta beste bi Goierri beheari.
Iñaki Elizegi, Herritarren Partaidetzarako teknikaria, Urretxura etorri da egitasmoaren berri ematera. Oihane Zabaleta Uggasa garapen agentziako lehendakariarekin eta Iosune Telleria Uggasako teknikariarekin batera, prentsaurrekoa eman du Sortzen enpresa inkubategian. Bihar Ordizian aurkeztuko dute egitasmoa.
Lau milioi horiekin, datozen lau urteetan inbertsioak egingo dira. Parte hartze prozesuak bost fase izango ditu: herrietan proposamenak egingo dira, eskualde mailako bileran proposamenak lehenetsiko dira, teknikariek azterketa egingo dute, eskualdeetako batzarretan behin betiko aukeraketa egingo dute eta, azkenik, egitasmoak foru aurrekontuetan txertatuko dituzte.
Herritarrek hiru bide edukiko dituzte proposamenak aurkezteko: aurrekontuahobetzen.eus webgunearen bitartez, Gipuzkoa aldizkariarekin batera banatzen ari diren orria beteta eta herrietan egingo dituzten tailerretara joanda.
Bi irizpide kontuan izan behar dituzte: proposamenak Goierri garaia edo Goierri behea mailakoak izan behar dira eta Aldundiaren eskumenekoak. Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.
Ekainaren bigarren astean Goierri garaiko eta Goierri beheko batzarrak egingo dituzte, ekarpenak sailkatu eta lehenesteko. Ondoren, ekaineko bigarren hamabostaldian, teknikariek herritarrek aukeratutako proposamenak ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren aztertuko dute eta egitasmo bakoitzaren kostua ezarriko dute. Iraileko bigarren hamabostaldian herritarrek behin betiko proposamenak hautatuko dituzte. Bukatzeko, urrian Aldundiak egitasmo horiek bere aurrekontuan txertatuko ditu.