Kirolarientzako elikadura gida praktikoa argitaratu du D’elikatuzek
Ordiziako D’elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentroak D’elikatuz Bizi kanpaina abian jarri berri du, bederatzigarrenez. Gipuzkoarrak elikadura osasuntsuaz eta jarduera fisikoaren garrantziaz ohartarazi eta heziketa eskaintzea da argitalpen honen asmoa. Aurtengoan Bizi d’elikatuz… eta mugituz! kirolarientzat prestatutako gida praktikoa izango da protagonista; herriko kirolariak ageri dira bertan. Aldundiko Kirol departamenduak babestu du egitasmoa, osasuna helburu duten kirol egitasmoen artean kokatu dute.
Kirolarien atzean “lan ikusezin” asko dagoela azaldu zuen Leire Arandia D’elikatuzeko arduradunak gidaren aurkezpen ekitaldian. Hala, elikadura entrenamendu horretako osagaietako bat dela zioen, “bizi-estilo osasungarriaren osagai izateaz gain”.
Elikadura eta hidratazioa Kirolarien errendimendua hobetzeko bi faktore erabakigarri nabarmendu dituzte gidan: elikadura anitza eta orekatua; eta hidratazioa. Premisa horretatik abiatuz, aholku praktikoz osatuta dator argitalpena, kirolari batek bere elikaduran eta hidratazioan aintzar hartu beharko lituzkeen neurriekin, bai entrenamendu garaian nahiz eta lehiaketan murgilduta daudenean. Edukiak Sant Cugat del Valleseko (Katalunia) Goi Errendimendu Zentruko adituek gainbegiratu ditzute. Gidaren 2000 ale banatuko dituzte D’elikatuzen eta internetez ere eskuratzeko aukera dago.