Martxoko azken feria, Pazko igandea iragarriz, hotz eta bustitik joan da. Eguraldia ikusita kontrakoa ematen badu ere, udaberri garaiko gero eta produktu gehiago daude postuetan.
Termometroa bost graduren bueltan eta sekulako kontrasteak bizi izan genituen goizean zehar, argigune laburrak erauntsi zakar bihurtu baitziren behin eta berriz, gero atzera eguzkiari tartea uzteko.
Hala ere, naturak bere indarra erakusten jarraitzen du. Atzo, lehen tipulinak ikusi genituen postu ezberdinetanm bai berotegikoak baita aire librekoak ere (sorta 1 eta 1,20 euro artean). Eta bigarren ziza sortatxoa ere bai (140 gr.), Segurako Eulogio Albisuk aurkitu, Lasaren postuan salgai jarri eta Ordiziako Pottoka tabernan bukatu zutenak.
Lore postuak ere gero eta ikusgarriago daude, baina Iñaki Azanzaren arabera, «apirila erdira arte ezin esan sasoi betean gaudenik, itxoitea hobe oraindik». Eta aukera oparoa den arren oraindik ere osatuago izango dela zioen.
Batetik, plaza inguruan jarri ohi diren postuetan Nafarroako lehen zainzuriak salgai zirela ikusi genuen (9,90 €/Kg.).
Bestetik, Ibarrako Ester Illarramendiren postuan zainzuri landareak eros ditzakegu. Oso landare berezia da, zain sorta bailitzan saltzen baita. Detaile guztiz nola landatu azaldu ohi du Esterrek: «Errenkaran bata bestearen atzetik sartu behar da eta landarea sortuko zaio lehen urtean, irailean moztu behar dena. Hurrengo otsailean menditxo lur ongarritu jarri eta handik hilabete gutxitara lehen zainzuriak jateko prest lirateke».
Erramu adarrak salgai
Egutegiari aurre hartuz, zer data datozen oroitarazi digute feriako saltzaileek, erramu adarrak salgai baitziren. Ohitura honekez du garai bateko indarrik, baina oraindik nork hartua izaten da. Betiko bezeroei adartxoren bat opari, edota 0,20-5 euro artean salgai.
Arbola landareei dagokionez, atzo ia J.Amezketa kalean ez genuen saltzailerik ikusi, garaia bukatutzat eman daiteke.