Gaur goizean (ostirala) Beasaingo CAFen kanpoan elkartu dira hamarnaka langile. Ordu beteko lanuztea egin dute, goizeko 11:00etan hasi eta 12:00ak arte. Bertan salatu dute Guardia Zibilak ‘Pastor’ izeneko operazioan egindako atxiloketak, euskal preso eta beraien senideekiko elkartasun lana egiten duten elkarte eta pertsonen aurkako polizia operazioa. Izan ere, azken polizia operazio horretan Nagore Lopez de Luzuriaga eta Izaskun Abaigar Etxerat-eko ordezkariak atxilotu zituzten, Fernando Arburua preso ohia eta Oihana Barrios psikologoa. Biak ala biak presoen osasun baldintzak hobetzeko lan egiten duen Jaiki Hadi elkarteko kide dira. Bestalde, aurrez Poliziak egindako ‘Xake’ eta ‘Mate’ operazioak ere salatu dituzte. Poliziak bi urte hauetan egindako hiru operazioetan, guztira 46 pertsona izan dira atxilotuak.
Egin duten lanuztean atxilotuei elkartasuna adierazi diete, eta berehala aska ditzaten ere eskatu dute. Komunikatu bat ere irakurri dute. Bertan adierazi dute gatazka politikoari amaiera emateko “bake eta konponbidearen aldeko urratsak” eman behar direla, eta presoen eta haien senideen eskubideen urraketekin amaitu behar dela. Norabide horretan, CAFeko langileek konpromisoa azaldu dute,nabarmenduz elkartasuna ez dela delitua, “betebeharra” baizik.
Amaitzeko, langileei dei egin diete bihar Donostian Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera! lelopean egingo den manifestazioan parte har dezaten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.