Herri kirolen teknifikazio zentroa inauguratu dute Beasaingo Antzizar kiroldegian
Herri Kirolak sustatzeko helburua duen gunea gaur ireki dute ofizialki Beasainen, udalak, foru aldundiak eta Gipuzkoako federazioak bultzatuta. Orain urte batzuk arte igerileku estalia hartu duen orubea aprobetxatu dute teknifikazio zentroa deitutakoa egiteko, Antzizar kiroldegian.
Herri kiroletan aritzen direnek entrenamenduak egiteko leku bat izango dute, eta leku horrek berak eskola kirolean ari direnen artean edo bestelako afizionatuen artean herri kirol ezberdinak sustatzeko balio izango du. Inaugurazio ekitaldia ere bide horretan joan da gaur, herri kiroletan aritzen diren profesionalek erakustaldia egin baitute, eskola kirolean aritzen diren umeekin batera.
Beasaingo Udaleko hainbat alderdi politikotako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federaziokoak ekitaldian izan dira, eta herri kirol mota ezberdinak erakutsi dituzte. Tartean aritu da Iñaki Azurmendi aizkolari arriarandarra, ekitaldiari amaiera ematen.
Herri kiroletara zuzendutako gunea izango bada ere, bestelako ekintza batzuetarako ere erabiliko dute Antzizar kiroldegian egokitu duten gunea.