Legorretako Gazte Piku gazte asanbladak Legorreggae musika jaialdia antolatu du hilaren 27 eta 28rako. Hitzaldi bat, batukada kalejira bat eta bost reggae talderen kontzertuak egongo dira. Musikari bat Italiatik etorriko da.
Negu hotzaren eta hezearen ostean, jendea udaberri gose da. Euren zorionerako, udaberria sekula baino beroago helduko da Goierrira. Izan ere, Legorretako Gazte Piku gazte asanbladak Legorreggae musika jaialdia antolatu du hilaren 27rako eta 28rako. Bi egun horietan, Jamaikako erritmo bero, gozoa eta lasaia izango da nagusi Goierrin.
Hilaren 27an hitzaldi bat izango da eta 28rako batukada eta kontzertuak antolatu dituzte. Ekitaldiak plazan jarriko duten karpan egingo dituzte.
Ostiraleko hitzaldia kalamuari buruz izango da. 18:00etan hasiko da. Larunbatean, 19:00etan, Mulambo batukada taldeak kalejira egingo du. Ondoren, 22:00etan, kontzertua hasiko da. Bost taldek joko dute: Skakeitan, Raphael, Revolutionary Brothers, King Konsul&Yanu eta Sustrajah Band. Kontzerturako sarrerek 5 euro balio dute. Goierriko hainbat tabernatan jarriko dituzte salgai eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira, Legorretan.
Aipatzekoa da Raphael abeslaria Italiatik etorriko dela. «Europa osoan gelditu gabe ibili ondoren, Legorretan izango dugu. Musikari italiar honek maila handia du eta jaialdiari xarma berezia emango dio», esan dute antolatzaileek.
Skakeitan taldeari dagokionez, Donostiakoak dira eta ska musika jotzen dute. «Orekariak diskoa kaleratu ostean, indarrez beteta etorriko zaizkigu, jaialdia ska erritmoz bustitzera».
Revolutionary Brothers taldea, berriz, Zarauzkoa da. «Euskal Herriko reggae mugimenduan, eta atzerrian, erreferente bilakatu diren anaiak Legorretan izango ditugu berriz, Danger in your eyes lan berria aurkezten».
King Konsulek eta Yanuk Revolutionary Brothersekin jotzen dute. Legorretan bakarrik ere arituko dira.
«Revolutionary familia osatzeko beharrezkoak diren bi abeslari hauek reggae eta rap doinuz beteko digute karpa».
Bizkaiko reggae musika entzuteko aukera ere egongo da. Lekeitioko Sustrajah Band taldearen eskutik, hain zuzen ere. «Roots reggae doinuak ekarriko ditu gurera. Entzun dituenak badaki Euskal Herriko reggaearen etorkizuna direla».
Jaialdiaren helburuak
Lekeitiarrek legorretarren laguntza izango dute Euskal Herrian reggaea sustraitzeko. Izan ere, Legorreggae jaialdia urtero antolatzeko asmoa dute. «Asko gara inguru honetan (Goierri, Tolosaldea…) reggae musika bizi dugunak eta beste hainbeste interesgarri ikusten dutenak. Horregatik, eta musika hau hemen sustraitzeko, gazte asanbladako partaide batzuk jaialdi hau antolatzea erabaki dugu».
Jaialdia antolatzeko, Revolutionary Brothers taldeko kideen laguntza izan dute. «Reggae mundua jendeari gerturatu nahi diogu. Musika alaia da eta giro oso ona egongo da. Jendea gustura geldituko da», amaitu dute Legorretako gazte asanbladako kideek.