Aste Santua Seguran
Berezia izaten da Aste Santua Seguran. Ostegun eta ostiral santuan prozesioak egiten dituzte: 300 urte baino gehiagoko tradizioa da eta 350 bat ...
Berezia izaten da Aste Santua Seguran. Ostegun eta ostiral santuan prozesioak egiten dituzte: 300 urte baino gehiagoko tradizioa da eta 350 bat herritarrek hartzen dute parte. Kanpotar ugari erakartzen duen ekintza da.
Aste Santuko jaiegunak aprobetxatuz goierritar asko kanpora joaten bada ere, segurar askok tradizioarekin bete beharreko hitzordua izaten dute: 300 urte baino gehiagoko historia duen prozesioak egiten dituzte Ostegun eta Ostiral Santuan.
350 herritarrek baino gehiagok hartzen du parte prozesioko paso desberdinetan; bakoitzak bere lekua du. Aingerutxoak, San Migel, nazarenoak, penitenteak, soldadu erromatarrak, txistulariak, musika banda, herriko abesbatza, eliz gizonak, fededunak… Hamar irudi pisutsuak eramaten ere herritar ugari aritzen da.
Egitaraua
Igandean, Erramu igandearekin hasiko dute Aste Santuko egitaraua Seguran. 11:00etan, erramu bedeinkatzea eta meza nagusia egingo dute Sorkundetar Komentuan.
Ostegun Santuan, apirilak 2, 17:00etan, Azken Afariko meza egingo dute parrokian, eta ondoren, 18:15ean, prozesioa egingo dute. Eguraldiak laguntzen badu, kalean; bestela, elizan bertan.
Ostiral Santuan, 08:00etan, Gurutz bidea egingo dute Santa Engrazitik Sorkundetar komentura. Arratsaldean, 16:30-ean, Jaunaren Nekaldiaren ospakizuna, gurutzetik jaistea egingo dute parrokian. 18:15ean, prozesioa egingo dute. Larunbatean 21:30ean eta igandean 11:00etan, meza santua egingo dute Sorkundetar komentuan.
Ardixarra etxea
Segurara gerturatzen direnek Ardixarra etxea, Erdi Aroko Interpretazio zentroa, bisitatzeko aukera ere badute Aste Santuan. XVI. mendeko etxea da.
Bihartik apirilaren 12ra arte, bisita gidatuak egingo dituzte. Etxea bera ikusteaz gain, karkaba, hirigunea, Ama Jasokundearen eliza…. ere ikus daitezke. Hitzordua jartzeko: 943 801749 – turismoa@segura.eus.