Lanera etorri ziren
Gipuzkoako Aldundiak Urrezko Plaka emango die bihar Espainiar Estatutik etorritako migranteei egindako ekarpena aitortuz. «Gaur egungo Euskal Herria ezin da ulertu langile hauen ...
Gipuzkoako Aldundiak Urrezko Plaka emango die bihar Espainiar Estatutik etorritako migranteei egindako ekarpena aitortuz. «Gaur egungo Euskal Herria ezin da ulertu langile hauen ahaleginik gabe», dio Larraitz Ugartek.
Mila irudi eta mila aurpegi ezkutatzen ditu atzean migrazioak. Historikoki presente egon den fenomenoa da, munduko bazter guztietan. Azken hamarkadetan asko areagotu da garatu gabeko herrialdeetatik aberatsenetagoetarako mugimendua, hegotik iparrera, aukera berrien bila abiatutako bidaiariak dira. Fenomeno hau, baina, ez da berria Euskal Herrian. XX. mendearen bigarren erdialdean industrializazioa zela-eta, Espainiar Estatutik jende uholde handiak etorri ziren Euskal Herrira, baita Goierrira ere. Gipuzkoako Aldundiak Urrezko Plaka emango die bihar 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan Espainiar Estatuko herrietatik gurera etorritako pertsonei. «Andaluziatik, Extremaduratik, Errioxatik, Gaztelatik, Galizatik eta beste hainbat tokitatik etorritako euskal herritarrak Euskal Herria eraikitzen ari dira: gaur egungo Gipuzkoa eta gaur egungo Euskal Herria ezin ditugu ulertu langile hauen eta haien familien ahalegin eta ekarpenik gabe», dio Larraitz Ugarte foru bozeramaileak. Gipuzkoak Urrezko Domina ematen die norbanakoei eta Urrezko Plaka kolektiboei. Aurten, soilik aitortza kolektiboa izango da eta plaka bakarrik emango dute.
XX. mende erdialdean Gipuzkoa industrializatuko lurraldea zen eta milaka lagun etorri ziren. Arrazoi ekonomikoak zeuden migrazio mugimendu zabal horien atzean, baina, bere herrietan giro sozial eta politiko itogarria zutelako ere egiten zuten alde. Lehenbizi inguruko herrialdeetakoak iritsi ziren, Araba nahiz Nafarroakoak. Pixkanaka Espainiar Estatutik gero eta langile gehiago etorri ziren, trenez iristen ziren. «Logela bilatzea zen zailena: apopilo edo bizilagun bezela egoten ziren, lantegiko etxeak aurkitu baino lehen», dio Olatz Conde Legazpiko Lenbur fundazioko kideak.
Bizi eta lan baldintza gogorrei aurre egin behar izan zieten. Baldintza horiek aldatzeko eta hobetzeko borrokatu zuten, bertakoekin batera: eskubideen aldeko borroka hura hainbat jatorritako herritarrak bateratzeko eta herri sentimendua indartzeko baliagarria izan zen.
Beste hizkuntza bat, beste kultura bat nahiz beste ohitura batzuk… egoera hartan tentsioak ere izan ziren. «Egoera horretatik ere ikasi egin dugu, ikasten jarraituko dugu, indarguneak eta akatsak atzeman beharko ditugu, eta ariketa horrek, dudarik gabe, gure herriko aniztasuna ondo kudeatzen eta aniztasun hori kohesio elementu bihurtzen lagunduko digu», dio Larraitz Ugartek.
Aldundiak balioan jarri nahi du hamarkada horietan Gipuzkoara etorritakoen ekarpena. Kulturalki gure lurraldea aberastu dutela dio; sozialki, beraien jakintza eta esperientzia konpartitu; eta politikoki, gogor lan egin dutela hainbat eskubide berreskuratzeko.
Eroso sentitzen dira
Espainiar nazionalismoak etorkinak Euskal Herrian «gaizki tratatuak» direla dioen diskurtsoa zabaldu arren, migranteek diotena da, abertzale ez izanagatik, ez direla bigarren mailako sentitzen. 1950etik 1980ra bitarteko migrazioa aztertzeko Julen Zabalo EHUko irakasleak beste hainbat kiderekin batera egindako ikerketa batean jasotako ondorioetako bat da. Hain justu ere, garai horretako migrazioa aztertuz gaur egungoa ulertzeko saiakera egin nahi izan zuen Zabalok, Gite-Ipesen Julio Araluze bekari esker garatu zuten ikerlanean.
Espainiar Estatutik etorritakoek «bertakotzat» dute euren burua, «integratuta» sentitzen dira.
Hainbat eremu industrializatuetan osatu zituzten eztabaida-taldeak, migranteen adierazpenak eta iritziak jasotzeko; Espainiar Estatutik etorriak eta abertzale sentitzen ez direnak. Orokorrean, migranteak Euskal Herrian oso gustura sentitzen direla ondorioztatu zuten, eta ez dutela joateko asmorik.
Hiri handietatik txikietara aldea dago, gainera, hiri handietara multzo handitan iritsi zirelako. Txikietan baina, Goierriren kasuan, bertako bizilagunekiko harremana estuagoa zen. Etortzean «halabeharrez» integratu ziren, baina gaur egun «lasai» sentitzen dira. Halaber, herri euskaldunetan bizi izan arren, euskaraz jakitea ez dute beharrezko ikusi.
Espainiar Estatuan Euskal Herriaz duten irudia «okerra» dela aitortzen dute ikerketan parte hartu zuten migranteek; jaioterrira itzultzen direnean defendatzen dute. Euskal Herriaren geroaz erabakitzeko galdeketaren bat egingo balitz, parte hartzeko prest leudeke.
Aniztasun gizartea
Gipuzkoako Aldundiaren eskariz Aztikerrek iaz aurkeztutako ikerketaren arabera ere, euskal herritar gehienek, edonon jaioak direla ere, gogoko dute Euskal Herrian bizitzea; %89,7k bertan bizitzen jarraitu nahi du. Aniztasun gizartea da gurea, gurasoei zein aiton-amonei begiratuz gero, gehienek (%52,6) dutelako kanpoko lekuren batekin harremana.
Soilik norberaren jaioterria kontuan hartuz %72,8 bertan jaioa da eta %27,2 kanpoan. Horien artean jatorri nagusia Espainiar Estatua da, eta ondoren datoz Ekuador, Kolonbia, Errumania eta Dominikar Errepublika. Jatorri ezberdinen artekoen harremana zenbat eta estuagoa edo zaharragoa izan, konfiantza eta sinpatia areagotu egiten dira.
50eko langileen hamarkadara bidaia, egun batez
Goierri garaian industrializazio garaia bete-betean zegoen 50eko hamarkadan. Hain justu ere, Legazpin orduko langileen eguneroko bizitzan murgiltzeko ibilbidea prestatua dute. Haztegi eskolako ikasgela bat eta hari atxikitako kapilaren bidez orduko hezkuntzan eta erlijioan murgil daiteke. Langileen etxebizitza ere bisita daiteke, San Inazio auzoan. Igandeetan eta jaiegunetan egoten da zabalik. Lenbur Fundazioaren web atarian dute informazio guztia.













