Nekazaritza sustatzeko laguntzak
Aldundiak bi dekretu onartu ditu nekazaritza eta abeltzaintza sektorea sustatzeko; 3.432.000 euro.
Abeltzaintza eta nekazaritza sektorea laguntzeko eta sustatzeko helburuarekin, bi dekretu ...
Aldundiak bi dekretu onartu ditu nekazaritza eta abeltzaintza sektorea sustatzeko; 3.432.000 euro.
Abeltzaintza eta nekazaritza sektorea laguntzeko eta sustatzeko helburuarekin, bi dekretu onartu berri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen kontseiluak. Dekretuetako bat ingurumen neurriak sustatzea du ardatz, eta besteak, mendiko nekazaritza bultzatzea. Guztira, 3.432.000 euroko aurrekontua onartu dute bi dekretuetarako.
Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietarako nekazaritza eta ingurumen laguntzen dekretuak bultzatzen dituen neurrietako batzuk ondorengoak dira: sega belardien eta mendiko larreen artapena, bertako arrazen artapena, nekazaritza ekoizpen ekologikoa edo integratua, sagardotako bertako barietateetako sagarrondoak lantzea eta bertako babarrun barietatea lantzea.
Erlezaintzarako, lurrak babesteko edo simuaurra kudeatzeko laguntzak ere jasotzen ditu dekretu horrek. 1.641.000 euro xedatuko ditu.
Diru laguntza horren helburua baserritarrei diru ordain bat ematea da, nekazaritza ustiategien ingurumen baldintzak hobetzeko neurriek eragiten dituzten kostu erantsiak eta eskuratu gabeko irabazia konpentsatzeko.
Ingurumen arloko kontratua indarrean dutenek jaso ahal izango dute diru laguntza hori.
Mendiko nekaritza
Mendiko nekazaritza bultzatzeko laguntzak zehaztu ditu bigarren dekretuak. Nekazaritza jarduera gauzatzeko dauden baldintza geografikoak direla eta, baserritarrek zenbait laguntza dituzte beren ustiategien produktibitate txikia konpentsatzeko. 1.791.000 euroko aurrekontua jarri du foru aldundiak, 2014an baino %2,6 handiagoa).