Joaquim Rodriguezek irabazi du berriz Zumarragan
Henao eta Quintana esprintean gainditu ditu kataluniarrak; Henao jarri da Itzuliko lider
Gasteiz-Zumarraga etapa ordu erdiko atzerapenarekin iritsi da Goierrira, Lizarrustin barrena. Arabako eta Nafarroako mendateetan haizeak gogor antzean jo die. Behin Goierriko muino eta aldapa etengabeetan, aurrez idatzia zirudien eskema izan du Itzuliko 3. etapak: eguneko ihesaldian zetozen lau ziklistak behar zenean eta behar besteko indar xahutzearekin soilik neutralizatu, eta Antioko azken igoeraren zain izan dira.
Gasteiztik abiatu berritan egin dute aurrera, 5. kilometroan, Omar Fraile, Westra, Armee eta Carthy iheslariek. Caja Ruralek bi kide sartu ditu gaurko ihesaldian (Fraile eta Carthy), eta Fraile bizkaitarrarekin mendiko saria irabazteko puntu asko batu ditu: hura pasatu da lehenengo Azazetan (2), Iturrietan (1), Urbasan (1), Urkillagan (2) eta Gabirian (3). Eguneko zortzi mendateetatik seitan.
Westra herbeherearrak (Astana) bakarrik izan du nahikoa indar aurrera jotzeko, iheseko laukotetik. Eitzagako maldan harrapatu du tropelak (40 bat lagunera murriztua), helmugarako 3,5 kilometroren faltan. Eitzagara arte, Movistarrek lan ikaragarria egin du azken 20 kilometroetan, batez ere Gorka Izagirrek. Mendate barrenean hustu dahura, eta Jon Izagirrek hartu du Nairo Quintana taldeburua aurrera eramateko ardura. Antion, berriz, Beñat Intxaustik bizitu dio bidea. Henao azaldu den arte.
Etapa garaipenerako ez ezik, sailkapen nagusian lidertza hartzeko ere balio izan du gaurko etapak. Henaok jantzi du elastiko horia, Rodriguez eta Quintana denbora berera dituela.

Jendea Antion lasterketaren zain./Gotzon Aranburu













