Ordiziako Irabazik eta Podemosek ez dute zerrenda bateratua aurkeztuko
Joan zen martxoaren 27rako deitu zuten Ordiziako Irabazi-Ganemos eta Podemos taldeek datozen maiatzaren 24ko hauteskundeetarako zerrenda bateratua osatzeko primariak egiteko batzarra. Podemos asanbladatik irten zela-eta, Irabazik sentitu duen “desengainua” agertuz prentsa oharra zabaldu du hedabideetara.
Emakumeen eta gizonezkoen arteko oreka mantenduz eta sentsibilitate ezberdinak bilduz, “esperientzia eta gaztetasunaren oreka” mantenduko lukeen zerrenda da Irabazik osatu nahi duena. Ordiziako Podemosek, bestalde, zerrendarako “aurrekari politikorik gabeko” hautagaiak nahi zituztela diote.
“Hausnarketa interesgarria da, baina ez dira gai izan ezaugarri horiek betetzen dituen inor bidaltzeko Irabaziko militantziara, ezta kandidaturara ere”, diote Irabazikoek. Gauzak horrela, Podemosek zerrendaburu gizonezko bat izatea exijitu dutela salatu du Irabazik, 50 urte baino gehiagokoa eta aurreko udal hauteskundeetan Bilduko zerrendan parte hartu zuena. Era berean, Podemosek zerrendaburua eta hirugarrena “inposatu” nahi zituela kontatu dute. Irabaziren erantzuna izan zen erabakia batzarrak hartuko zuela. Hautagaiak aurkezteko epea amaitu baino lehen asanbladatik irten ziren Podemoseko kideak.
Irabazik salatu du Podemosek ez duela “ez dirurik, ez krediturik jarri, ezta arriskurik hartu ere hauteskundeetarako”. Edonola ere, aurrera begira “bidean topo egingo dutela” aurreratu dute. Irabazik bere aldetik asanbladan onartutako zerrenda eramango du. “Emakumeak, euskaldunak, gazteak, independenteak, ezkerrekoak eta mugimendu sozialetakoak” izango direla aurreratu dute.