Eñaut Martikorena hernaniarrak irabazi du Gabiriako Osinalde bertso sariketa
Eñaut Martikorena bertsolariak nagusitu zen, larunbat gauean, Gabiriako 44. Osinalde bertso sariketan. Kantaera berezia du, eta erantzun bizkorrak bezain zorrotzak. Osinalde elkartea 200 bat entzulek bete zuten, afariaren ondoren. Harrituta utzi zituen gehienak Martikorenak. Entzuleen botoetan ere hura izan zen onena, baita epaileen puntuaketan ere. Osinalden kantatzen zuen lehenengo aldia zen. Iaz kanporaketan jardun zen, Aztiriko saioan.
Bigarren lekuan Eneritz Artetxe azkoitiarra izan zen. Saio orekatua, segurua eta bertso onekin tartekatua egin zuen. Iaz ere Osinalden kantatu zuen. Sariketan eman ohi den hirugarren saria, bertsorik onenarena, mahaiko goierritar bakarrak eskuratu zuen, Gemma Urteaga beasaindarrak. Bakarkako lanean botatako bigarren bertsoari iritzi zioten onena epaileek. Daukan gaitzari aurre egiteko botika osasungintza publikoan sartzen ez, eta ezin duela ordaindu jarri zion gaia Eñaut Asurabarrena aurkezleak. “gaixotasunak ez nau hil behar, gobernuak hil behar nau” borobildu zuen bertso hori.
Bertso saioarekin gustura irten ziren entzuleak, oro har. Bizi hasi zen, puntu erantzunetan berealdiko bertsoak botata. Sei bertsolariek (Xabi Igoa, azken partaidetzan; Oihana Iguaran eta Jon Gurrutxaga ziren beste hirurak) denek ere ondo eutsi zioten saioari, irristada nabarmenik gabe eta maila politean jardunda.
Sariketaren aldeko errifan, honako zenbakiak atera dira saridunak: lehen saria 1099, bigarrena 792 eta hirugarrena 911.