Argazkia: Ainhoa Muriel.
Altamiran jokatu zuten ordiziarrek atzo Ohorezko Mailako 20. jardunaldikoa Vigoko Unibertsitatearen aurka; 51-5 irabazi zuten.
Partida hasieratik etxekoak izan ziren nagusi zelaian, nahiz eta Vigo RC taldearen defentsa tinkoak ez zuen puntuak eskuratzeko aukerarik utzi. Ampok ere arreta berezia jarri behar izan zuen defentsan Vigokoan gerturatu ziren aldi apurretan erantzuteko.
Hirugarren eta hamazazpigarren minutuetan Dany Krollek transformaturiko zigor kolpeei esker hartu zuen aurre markagailuan Ampo Ordiziak. Partida kontrolpean zutela ikusten zen arren, ez zen 36. minutura arte izan Phil Huxforden lehen entsegua. Transformaziorik lortu ez zen arren, handik berehala iritsi zen Mikel Aizpuruaren hurrengo entsegua, Krollek borobildu zuena. Markagailuak 18 eta hutsekoa erakusten zuela iritsi ziren atsedenera. Bide beretik jarraitu zuen bigarren zatiak ere. Zazpigarren minutuan Krollek hirugarren entsegua lortu zuen, berak transformatu zuen. Zaleek laugarren entsegua nahi zuten, erasoko bonusa eskuratzeko eta 52. minutuan Asier Alvarez de Eulateren eskutik iritsi zen.
Vigokoek transformatu gabeko entsegua lortu zuten 62. minutuan. Atzetik iritsi ziren Aizpuruaren (68), Muagututiaren (70) eta Huxforden (79) hiruak.
Hilaren 26an jokatuko dute azken partida, Hernani REren aurka Altamiran. Seaskaren aldeko partida izango da.