Ikasle Eguneko helburuak bete direla esan du Ikasle Abertzaleak taldeak
Larunbatean Beasainen egindako Goierriko Ikasle Egunaren balorazio oso ona egin du Ikasle Abertzaleak taldeak, “ikasleek euren artean harremanak estutzea lortu dutelako eta aurrera pausoak batasunean emateko bideak erraztu direlako”. Erakundeko ordezkariek azaldu dutenez, olinpiadetan oinarritatutako jokoek ez zuten harrera oso ona izan, jendea askorik ez baitzen hurbildu; “baina gerooak konpentsatu” zuela zehaztu dute.
Trikipoteoan elkartutakoek “giro ederra” jarri zuten Beasaingo kaleetan zehar, eta afarira “animoz beterik” gerturatu ziren gazteak. Guztira 80 lagun inguru elkartu ziren txotxak lagundutako afarira, eta “sortu zen giro onak aurrez eta unean bertan sortutako lana aridu” zuela adierazi dute antolatzaileek. “Afarirako lotsak kentzen hasita eta elkarren arteko harremanak estutzen” hasita zeuden gazteak, eta hala jarraitu zuten afalosteko kontzertuetan ere.
Guri 5!, Koplaka eta Salda Badago talde goierritarrak igo ziren Beasaingo gaztetxeko oholtzara, eta musikak bete zituen gaztetxeko bazterrak goizaldeko bostak bitartean. “Kontzertuetara Goierriko herri ezberdinetako jendea gerturatu zen eta herrien arteko harremana ere indartu genuen”, adierazi dute Ikasle Abertzaleak taldetik. “Hasieran gaztetxea beteta bazegoen ere, batzuei etxera joateko ordua iritsi zitzaienez, amaierarako gazte gutxi geratu ziren, baina sasoiez, indarrez eta festarako eta borrokarako adina gogoz”.
Egunaren balorazioarekin batera, eskerrak ere eman dizte Goierriko gazteek: “Lanean aritu ziren gazteei, Beasaingo Arrano Kultur Elkarteari, Beasaingo Gaztetxeari, musika taldeei, eguraldiari eta interesa azalduz berrindartzen lagundu diguten ikasle guztiei”. Gazte Eguna igarota, ordea, lanean jarraitzeko asmoa iragarri du Ikasle Abertzaleak taldeak, eta “kaleetan elkar ikusten jarraitzea” eskatu dute.