Erlezain eguna izan zuten atzo Zegaman, eta bertan banatu zituzten Gipuzkoako XVII. Ezti Lehiaketako sariak. Maria Teresa Madinabeitia eta Anastasio Mujika legazpiarrek jaso zituzten lehen eta bigarren sariak.
Ezti Lehiaketako sarituak
Giro ederrak lagunduta, erlezainei urteroko aitortza egin zitzaien atzo Zegaman. Goiz osoan zehar artisau azoka eta erlezaintzari lotutako hainbat ekintza izan ziren. Rafa Gorrotxategi gozogileak pare bat erakustaldi egin zituen, girlatzeak nola egin azaltzeko. Haurrei zuzendutako kandela tailerra ere izan zen atzokoan, baita liztor asiarrak erlezainei eragiten dizkieten kalteen inguruko azalpena ere.
Erlezain egunaren barruan, Gipuzkoako XVII. Ezti Lehiaketa egin zuten atzo Zegaman. Maria Teresa Madinabeitia legazpiarrak irabazi zuen lehiaketa, milalore eztiarekin. Bigarren saria ere legazpiar batek jaso zuen, akazia eztiarekin: Anastasio Mujikak. Hirugarren saria, berriz, Irungo Jesus Isidro Mikelatzentzat izan zen. Hark ere akazia eztia aurkeztu zuen.
Lehiaketara aurkeztutako 21 eztiak dastatzeko aukera ere izan zen Zegamako pilotalekuan, eta sari banaketaren ondoren Rafa Gorrotxategik egindako gozoak banatu zituzten bertaratutakoen artean.