Murumendiko burdin aroko herrixka ikusteko irteera antolatu du Beasainen Suhar taldeak
Larunbatetik igandera aldatu dute irteera eguna
Beasainek hiribildu titulua eskuratu zueneko 400.urteurrenaren barruko ekintzen artean, Suhar arkeologia taldeak irteera antolatu du. Mendi txangoa izango da, eta bertan Larrarteko trikuharria, Murumendi mendiko burdin aroko herrixka eta Mariren kobazuloa ikusteko aukera egongo da.
Hasiera batean, irteera larunbaterako zegoen iragarrita, apirilaren 18rako, baina aldaketa bat tarteko igandean, apirilak 19, egingo dute. Autobusa 09:00tan irtengo da Barrendain plazatik. Beasainen historian erreferentzia diren guneak bisitatu ahalko dira Suharrek antolatu duen irteeran, tartean, arkeologia taldeak berak Murumendin egindako indusketetan aurkitutako herrixka.
Izena eman behar da Igandeko irteeran parte hartzeko kultura@beasain.eus helbidera idatzi behar da, edo 943 02 80 65 telefonora deitu. Antolatzaileek jakinarazi dutenez izena emateko azken eguna osteguna izango da.