Legazpiko Sustraiak dantza taldeak 40. urteurrena ospatuko du
Aurtengoa oso urte berezia da Legazpiko Sustraiak dantza taldearentzat, hiru urteurren ospatuko baititu: taldearen 40. urteurrena, inauteri igandeko konpartsaren 25. urteurrena eta kapela dantzaren 20. urteurrena. Otsailaren 15ean inauteri konpartsaren urteurrena ospatu zuten eta Santikutz jaietan beste biak ospatuko dituzte. Naiara Otaegik logo berri bat egin die eta kamisetak atera dituzte. Logoan, zuhaitzak eta dantzariak sinbolizatzen dituzten bi irudi ageri dira.
Ekitaldiei dagokienez, hilaren 30ean, 19:00etan, jaietako pregoia irakurriko dute. Maiatzaren 2an, berriz, musika eskolako bandak eta Legazpikoak emango duten kontzertuan parte hartuko dute. Emanaldia 12:00etan hasiko da. Egun berean, danborradan parte hartuko dute. Legazpiko ereserkia dantzatuko dute, banderaren igoeraren ondoren.
Ekitaldi garrantzitsuenak Santikutz egunekoak izango dira, maiatzaren 3koak. 10:30ean ezpata dantzariek Gurutzeak elizari ematen dion bueltan parte hartuko dute eta 12:00etan ezpata dantza egingo dute. Aurten, neskek eta mutilek dantzatuko dute. Ondoren, Telleriarte Txirrindulari Elkartekoek Olaria saria jasoko dute. Sustraiak taldekoek agurra dantzatuko diete.
Goizeko ekitaldiekin bukatzeko, soka dantza, zinta dantza eta larrain dantza egingo dituzte. Soka dantzan Sustraiaken lehenengo haurren taldekoek ere parte hartuko dute. Larrain dantzan, berriz, nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Ondoren bazkaltzera joango dira. Egun honetako ekitaldietan parte hartu nahi dutenek bi telefono hauetako batera deitu behar dute: 657 71 58 79 (Jon) edo 943 73 32 00 (Arantxa okindegia).
Maiatzaren 9an, berriz, kapela dantza egingo dute. 20. urteurrena dela eta, urte hauetan guztietan parte hartu duten guztiak gonbidatu dituzte. Urteurreneko kamisetekin dantzatuko dute. Kamiseta hauetan logoaren bertsio bat ageri da, Otaegik kapela dantzaren urteurrenerako egindakoa. Dantzariek elkarekin bazkalduko dute eta ondoren dantzan jarraituko dute.
Bukatzeko, maiatzaren 10ean Mirandaolako erromerian parte hartuko dute. Goizean Sustraiak eta Korosti dantza taldeetako ezpata dantzariek prozesioan parte hartuko dute. Meza ondoren, olagizonei ezpata dantza eskainiko diete. Azkenik, taldeko haurrek dantzatuko dute.