Beasaindarrek udaletxean egin beharreko izapideak modu errazagoan eta erosoagoan egiteko udaletxeko harrera bulegoa berritu egin du udalak, eta eraikinaren beheko aldean kokatu du harrera gune berria. Udaletxetik azaldu dutenez, «orain artean herritarrak batetik bestera ibili dira udaletxe barruan; edozein izapide egiteko trabak izan dituzte eta ezin izan da zerbitzua modu egokian bermatu».
Egoera hori irauli nahi izan dute, eta zerbitzu guztiak batuta eskainiko dituen iGunea kokatu dute udaletxeko beheko solairuan –orain artean Kultura eta Euskara Sailak egon diren kokalekuan–. Kokapenarekin irisgarritasuna bermatu nahi izan du udalak, sarrea Loinazko San Martin plaza azpitik izango baitu. Aitor Larburu zinegotziak azaldu duenez, «herritarrei harrera egiteko zerbitzua zentralizatu egingo da, eta hala lana erraztuko zaie udaletxera datozen herritarrei». Beasaindarrei zerbitzua emateko lau langile egongo dira harrera bulegoan.
Ehundik gora izapide
Aurrerantzean, beraz, udal izapide guztiak leku berean egin ahalko dituzte herritarrek. Larburuk azaldu duenez, «dagoeneko ehundik gora tramite egiteko prestatuta daude gunea eta langileak»; aurrez aurreko zerbitzua eskaintzeaz gain, gainera, telefonoz edo modu telematikoan ere egin ahalko dira izapideak.
Telefono bidezko zerbitzuarekin arreta pertsonalizatua emango da eta posta elektronikoarekin eta ohiko postarekin osatuko da zerbitzua. Berdin telematikoki ere, udaletik zehaztu dutenez, «web ataria eta egoitza elektronikoak gainerako kanaletako baldintza eta berme berdinekin» emango baitira.
Prozesuei hasiera emateko dokumentazioa jaso, herritarrek erakundeekin dituzten ekintzak, iradokizunak, kexak, proposamenak… jaso, ziurtagiriak eta txartelak bideratu, herritarren datuak eguneratu… egin ahako da aurrerantzean harrera buleoan. Udaletik jakinarazi dutenez hilabete honen amaierarako martxan egongo da zerbitzu berria, zehazki «apirilaren 24an» ireki nahi dute bulegoa udal arduradunek. Behin irekita, astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, 07:30etik 14:30era bitartean.
Hiru gune izango ditu
Herritarrak hartzeko itxarongela izango du bulegoak, eta zenbaki bidez lan egingo dute. Zenbakia hartu beharko da sarreran, eta ondoren jakinaraziko da zenbaki bakoitza zein mahaitara joan behar den. Lau langile egongo dira herritarren eskura, izapideak betetzeko gunea eta hainbat gai modu pribatuagoan lantzeko gela bat ere bai. Itxarongelaren ondoan errolda agiria eskuratzeko ordenagailua dago kokatuta. Nortasun Agiria erabiliz, norberak eskuratu ahalko du aurrerantzean dokumentua.