Mendia, natura eta kirola oinarri dituen produktu turistikoa osatu eta merkaturatu nahi dute .Goierri arlo honetan «erreferente» bihurtzea da egitasmoaren helburua

Goierrik marka turistiko berria du: Basque Highlands. Mendia, natura eta kirola oinarri hartuta, Euskal Herrian zein nazioartean saltzeko moduko produktu turistiko berria osatu dute, Goierri natur turismoaren arloan «erreferente» bihurtzeko. Atzo aurkeztu zuten marka, Zegamako Anduetza etxean.
Goitur turismo agentziak 20 urtetik gorako ibilbidean egindako lanaren emaitza da marka berri hau. Igor Eguren Goiturreko lehendakariak azaldu duenez, «Goierrin ditugun baliabide naturalak aprobetxatu eta hauei balioa eman» behar zaie. Niko Osinaldek berriz, sektore honetan erreferente izateko, «espezializazioaren aldeko apustua» egin dutela azaldu du, «merkatu nitxo konkretuetara modu egokian» iristeko. Goierrik dituen baliabide naturalak (Aralar eta Aizkorri-Aratz parkeak) aprobetxatu nahi dituzte; baita landa inguruneko herriak eta mendiarekin bat eginez antolatzen diren kirol frogak ere.
Bide horretan, Goierrin «natur turismoari dagozkion azpiegitura gehienak eginda» daudela azaldu du, eta hemendik aurrera «promozio eta komertzializazio lana» egin behar dela. Kirol turismoa ez ezik, familia turismoa ere erakarri nahi dute. Horretarako, bi arlo nagusitan lan egingo dute. Batetik, Bide Berdea zati berriekin osatu eta familiei zuzendutako orientazio joko bat egingo dute. Bestetik, naturarekin lotutako produktu turistikoa merkaturatzeko estrategia martxan jarriko dute, bai sarean, eta baita eskaintza mota horretan espezializatutako bitartekariekin eta tour-operatzaileekin elkarlanean jardunez ere.
Goierri turismoan eredu

Eskualde baten turismo eskaintza ahalik eta gehien bultzatzeko, ezinbestekoa da erakunde publikoen arteko elkarlana, eta Goierri egiten ari den bidea eredutzat jo dute Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Roke Akizu aldundiko mendietako zuzendariaren ustez, «eskualde bateko ekonomia bultzatzeko azpiegitura berde bat izatea ezinbestekoa» da. Bere aldetik, Iker Ruiz de Egino aldundiko turismo zuzendariak, «erronka turismoa kostaldetik barrualdera erakartzea» dela uste du; «hori egiteko modua produktu onak edukitzea da, eta Goierrin betetzen da hori».
Uste bererkoa da Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendaria ere. «Ingurune izugarria duzue hemen, baina hori ez da nahikoa. Ezin gara kanpora postal hutsekin joan. Zer edo zer saldu behar da, eta horretarako produktu turistikoak behar ditugu». Bide horretan, Goierrin errekurtsoak badaudela uste du, «ekitaldi gastronomikoak eta kirol ekitaldiak jendea erakartzeko modu ona» baitira. «Produktua badago Goierrin munduari saltzeko».
Turismo agentziek eta tour-operatzaileek ere «kanpoan saltzeko horrelako produktuak» behar dituztela azaldu du Edurne Pasaban mendizaleak. «Turistek gastronomia eta natura eskatzen dituzte, eta hemen hori dena oso eskura daukagu». Euskal Herria hemendik kanpo «uste duguna baino ezagunagoa» dela ere esan zuen, hein handi batean, Zegama-Aizkorri eta Ehunmiliak bezalako mendi probei esker.
Basque Highlands egitasmoa:
Proiektuaren helburua Goierriko natur baliabideak (parke naturalak…) eta aktiboak (lasterketak, ibilbideak…) produktu turistiko bihurtzea da, guztiak Basque Highlands markapean bilduz. Hau lortzeko, bi ildo nagusi jorratuko dituzte:
- Familia turismora zuzenduako orientazio jokoa Bide Berdean. Mutiloa eta Ormaiztegi arteko oinezko bidea oinarri hartuta, orientazio zirkuito bat irekiko dute, edonori zuzendua eta familientzat egokitua, orientazio kirola, senderismoa eta jolasa uztartuz. Familiek, Zumalakarregi museoan mapa bat jasoko dute, eta hainbat galdera eta asmakizun erantzun beharko dituzte; erantzunak, bidean aurkitu beharko dituzte. Bide berdeari jarraiki, beste bi bide zabalduko dituzte: Troi bidea eta Lierniatik Mutiloara doan Santiago Bideko ibilbidea.
- Basque Highlands-en merkaturatzea. Batetik, bitartekarien eta tour-operatzaileekin elkarlanean, bisitari gehiagorengana iristeko bidea zabaldu nahi dute. Natura eta kirolean espezialdu eta Euskal Herrian, Estatuan eta nazioartean produktu turistiko mota hori merkaturatzen duten enpresekin elkarlanean jardun behar da. Bestetik, estrategia digitala dago; hau da, IKTek eta Internetek duten garrantzia ikusita, webgunea sortu dute, naturan oinarritutako produktu turistiko honen informazio guztia emango duena.